Lizardi kaleko instalazio mekanikoetan eta Morlansko igogailuetan hobekuntza eta mantentze lanak egingo dituzte
Lizardiko eskailera mekanikoa. Donostiako Udalak Intxaurrondoko Lizardi kaleko instalazio mekanikoak eta Morlansko igogailua mantentzeko eta hobetzeko lanei ekingo die datozen egunetan. Zeregin horiek zerbitzua geldiaraztea ekarriko dute datozen egunetan. Carlos Garcia, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi bezala, “helburua da funtzionamendu egokia bermatzea eta erabiltzaileen erosotasuna eta segurtasuna hobetzea”.
Alde batetik, martxoaren 9an, astelehena, Lizardi kaleko arrapala eta eskailera mekanikoak konpontzeko lanak hasiko dira. Esku-hartzea 1. eskailerako eta 2. arrapalako mailen katea eta ardatz hutsa aldatzean datza. Bakarrik egongo da zerbitzuz kanpo erreparazio lanetan dagoen instalazioa, eta gainerakoek normaltasunez funtzionatzen jarraituko dute. Aurreikusitako obren iraupena hiru astekoa da, baina epea aurreikusi baino lehen amaituz gero, murriztu egin daiteke.
“Denboraren joanak, etengabeko erabilerak eta kanpoko eragileen eraginak deformazioak eragiten dituzte arraboletan eta mailen katean, eta horrek desdoikuntzak, lasaierak eta zaratak sortzen ditu, desplazamenduan hasierako arintasuna galtzeaz gain. Elementu horiek ordezteak sistemaren jatorrizko geometria berreskuratzea, erabileraren erosotasuna hobetzea eta instalazioaren bizitza baliagarria luzatzea ahalbidetuko du”, adierazi du Garciak. Esku-hartze horren kostua 61.368,42 eurokoa da.
Bestalde, martxoaren 11n Morlansko igogailu inklinatua aldi baterako geldituko da, 9:00etatik 14:00etara, hainbat mantentze-lan egiteko. Denbora horretan, igogailuaren kabina garbituko da. Jarduketa horrek duela gutxi jasotako hainbat gorabehera eta kexari erantzuten die, bai eta lorezaintza-lanei ere instalazioaren goiko aldean, non landarediak gaur egun larrialdietako eskailerei dagokien espazioa inbaditzen duen.
Lanen amaiera Larratxon
Larratxoko eskailera mekanikoetan egindako maila kateak ordezteko lanak uste baino astebete lehenago amaitu dira, eta, beraz, dagoeneko erabat martxan daude.
