Pastel kolorea du infernuak
Dekoratua
Zuzendaria: Alberto Vazquez
Urtea: 2025
Herrialdea: Euskal Herria-Espainia
Gortina gorriak zabaldu eta kamerarekin batera murgilduko gaitu Alberto Vazquez zinemagile galiziarrak Alma korporazioak menderatutako lurraldean. Ozzeko mundu koloretsua dirudi, edota Chihirok deskubrituko duen fantasiazko unibertsoa. Baina laster konturatuko gara George Orwellen begia dugula zaindari, edo, hobeto esanda, zelatari. «Jendea antzezten ari da, gu zelatatzen ari dira. Aske izan nahi dut», adituko diogu esaten Arnold sagutxoari, eta ez zaio arrazoirik falta; bada hor nonbait (herritar soilen) bizitzaren antzezpenaz disfrutatzen ari den norbait.
Vazquezek eta Uniko ekoiztetxe bilbotarrak elkarlanean sortu duten film berrienak 2016an Goya saria irabazi zuen izen bereko film laburra du abiapuntu. Baina hazkundea ez da soilik metraje kontua. Unicorn Wars (2022) filmeko unibertso satiriko eta likatsua berreskuratu eta finduko du: estetika gotikoa, arrosa, berde eta urdin tonu pastelekin estalia; existentzialismo ironikoa; umore beltz kirurgikoa.
Animaziozko film luze onenaren Goya saria irabazi berri duen Dekoratua obrak (euskaraz ikusgai, Primeran-en) arimarik gabeko pertsonaiak jarriko ditu erdigunean: ia identitaterik ere gabeko izaki zapalduak, pobreak, ordezkagarriak. Hasiera-hasieratik dakigu txotxongiloak direla, sistema kapitalista bortitzaren hari ikusezinek gidatutako panpinak: «Mundu honetan ezinezkoa da amets egitea» / «Ez dakit nor naizen, agindu didatena egiten dut», aitortuko du Arnoldek. Maria emaztearekin bizi da, baina bizikidetza ere dekoratuaren parte da: maitasun harremana haustear dago, bankuak etxea kenduko die, Arnold langabezian dago, eta badirudi ez dagoela bera onartuko duen enpresarik. Lanik gabe ez dago identitaterik; identitaterik gabe ez dago duintasunik.
Eta norentzat tragikomedia hau? Guretzat, noski. Ikuskizuna irentsi bitartean, interpelatuta sentituko gara, deseroso; politak eta xamurrak irudituko zaizkigu animaliatxoak (sagutxoak, azeriak, usoak), baina kontuz: maltzurrak dira, eta, batez ere, patetikoak. Hala, gizarte indibidualista eta botere zalearen motorrari kritika zorrotza planteatuko dio Dekoratua-k, botere harremanei, alegia: lan jardun duinik eza, langabezia, alienazioak eragindako barne suntsiketa (antsietatea, malenkonia destruktiboa, larritasuna), etxebizitzaren espekulazioa eta pobreenganako gorroto moralista. Zoriontasuna ez da desagertu; sistematikoki ezabatu digute.
Ez diot nik, Arnoldek baizik: «Ez dakit nor naizen, agindu didatena egin dut».
