Hamargarrenaren lasaitasuna
Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek irabazi egin dute, Realak galdu eta Txuri Urdineko mutilek finalerdietako bosgarren partida behartu dute.
Ibaeta Basketen eta Kanaria Handiaren arteko neurketa.Ibaeta Basket Denboraldi irregularra orekatu nahian jarraitzen du Ibaeta Basketek. Horregatik, garrantzitsua zen putzuan dagoen Kanaria Handiari irabaztea. Partida espero baino estuagoa izan zen donostiarrentzat, baina sasoiko hamargarren garaipena eskuratu zuten (63-76). Zenbaki horretara iristea izaten da helburuetako bat, eta Azu Muguruzaren taldeak lortu du. Sei neurketaren faltan, bi garaipeneko aldea dute jaitsiera postuetan daudenekiko. Gipuzkoa Basketek ere irabazi egin zuen, larunbatean. Sailkapeneko laugarren tokian segitzeko garrantzitsua zen Ourense mendean hartzea, eta azken unean lortu bazuten ere, garaipena etxean geratu zen (81-79).
Futbolean, Realak apirilaren 18ko finalaren entsegu moduko bat jokatu zuen larunbatean, Metropolitano futbol zelaian. Atletico Madril finaleko arerioaren kontra aritu ziren, madrildarren etxean, eta partida distiratsua jokatu ez bazuten ere, berdinketa gertu izan zuen. Azkenik, ordea, galdu egin zuten txuri-urdinek (3-2). Finalerdietako itzulerakoa Atletico Madrilek baino egun bat geroago jokatzeak bere eragina izan zuen ligako neurketan, baina lehiakortasuna mantendu zuen Realak. Sevillako finala beste kontu bat izango da.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek finalerdietako bosgarren partida jokatuko du asteburuan, etxean finala urrun eta gertu izan ostean. Anoetako izotz jauregian ez ziren gai izan Puigcerdari bi neurketak irabazteko. Larunbatekoa gol bateko aldearekin galdu zuten (6-7), baina atzo, maila hobea emanda irabazi zuten (3-1). Horiek horrela, finalera sailkatzeko neurketa erabakigarria jokatu beharko dute bi taldeek. Hilaren 14an izango da, kataluniarren izotz pistan.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 24. jardunaldia
- Kanaria Handia 63 – Ibaeta Basket 76
Gizonezkoen bigarren maila, 23. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 81 – Ourense 79
Futbola
Gizonezkoen liga, 27. jardunaldia
- Atletico Madril 3 – Reala 2
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Hirugarren partida: Txuri Urdin 6 – Puigcerda 7
- Laugarren partida: Txuri Urdin 3 – Puigcerda 1
