Mojo Workin': musika beltzari gorazarre
Dabadaba aretoa txiki gelditu da aurten ere Mojo Workin' jaialdirako. Ostiralean reggae erritmora eta larunbatean soul eta rhythm & blues erritmora, giro berezia sortu zen aretoan.
J.P. Bimeni, 2026ko Mojo Workin' jaialdian abesten, Dabadaban.Juan G. Andrés Ostiral iluntzea. Egiatik zerbait jan eta indarrak hartu ostean, Dabadabako atera gerturatu eta barrura sartu gabe, Mojo Workin’ giroa da nagusi: soilik Mojoan ikusten dituzun aurpegi horiek, tiranteak, patillak, koadrodun arropa… Barrura sartu, soilik Mojoan ikusten dituzun aurpegi gehiago ikusi, urtean zehar ere ikusten duzun baten bat ere bai, izkina batean biniloak erosteko postu bat eta bozgorailuetatik Got My Mojo Working abestia. Bai, Mojo Workin’ jaialdian zaude, eta festa hastear da.
2025eko eskemari jarraiki, bi gau oso markatu izan ditu aurten Mojoak: reggae gaua ostiralean eta soul eta rhythm & blues gaua larunbatean. Bakoitzak bere zaleak ditu, baina asko eta asko dira bi egunetarako sarrera erosi eta kontzertu guztiez —eta ondorengo DJ saio maitatuez— disfrutatzera joaten direnak. Izan ere, bakoitzak gehien maite duen estilotik harago, Mojoko giroa bizitzea eta musika beltza entzutea da garrantzitsuena gehienentzat, ez baita erraza izaten urtean zehar Donostian.
Ostirala, Jamaikara begira
Begoña Bang-Matu & Orquesta Kingston madrildarrak igo ziren oholtzara lehenik ostiralean, reggae, ska eta rocksteady erakustaldia emateko. Begoña Bang-Matu abeslaria buru, kontzertu biribila eskaini zuen taldeak, ia atsedenik gabekoa, bereziki reggae zaleak ez direnak ere hasieratik poltsikoan sartuz. Abestu ez ezik, ondo pasatu nahi zuen abeslariak, eta, hain zuzen ere, abesti instrumental bat aprobetxatu zuen jendartera jaisteko eta ikusleekin dantzatzeko.
Musikaren ikuspegitik ez ezik, gizarte ikuspegitik ere bikaina izan zen emanaldia, Bang-Matuk abestien zein hitzartzeen bidez aprobetxatu baitzuen diskurtso aldarrikatzaileak egiteko. Ondo daki abeslariak zer den musika beltza, beste musika estilo asko bezala, Jamaikan, AEBetan edo edozein tokitan: zapalduen musika. Historiaren alde onean egoteko musika.
Roy Ellis zen gaueko izarra, bere Bandits Rocksteady Band taldearekin. Traje deigarri batekin igo zen oholtzara, hasieratik argi utziz zerbait berezia pasatuko zela gau horretan, eta ia 80 urte baditu ere, forma onean dagoela erakutsi zuen. Apur bat kosta egin zitzaion berotzea, baina hasierako baladak jo ostean, gaua bere egin zuen, abesti propioekin zein bertsioekin —Toots & The Maytalsen 54-46 That’s My Number historikoa nabarmentzeko, kontzertuan zehar eta bisean jo zuena—. Jaialdi donostiarrari “opari” bat ere egin zion, izena ematen dion Got My Mojo Working bluesa bere estilora joz.
Bang-Matuk aurretik egin zuen moduan, ikusleen artera jaitsi zen momentu batean Ellis ere, mikrofonoa eskuan, abestera. Bere musikari apartek jotzen jarraitzen zuten bitartean, lagunak egiten aritu zen abeslaria, denen atentzioa bereganatuz. Ez da gutxiagorako, egunero ezin baituzu ikusi musika jamaikarraren legenda bat zure ondoan abestean.
Larunbata, AEBetako hegoaldera begira
J.P. Bimeni zen larunbat gaueko plater indartsua, baina lehenengo kontzertuak ondo baino hobeto girotu zuen giroa. Izan ere, Anna Dukke musikari gaztelarra igo zen oholtzara bere taldearekin, eta sustraietako musika estatubatuarra ardatz, emanaldi indartsua eskaini zuen: bluesa, rhythm & bluesa, rockabillya, countrya… askotariko estiloak ukitu zituen Dukkek. Bang-Matuk aurreko egunean reggae erritmora egin zuen moduan, karga sinboliko eta sozial handiko abestiak eskaini zituen Dukkek. Izan ere, Dukkek ere argi du zer den musika beltza.
Bimeni abeslari burundiarra The Black Belts talde bikainarekin igo zen ondoren oholtzara, kontzertu autentiko bat emateko. Hori da, hain zuzen ere, bere emanaldiaren definiziorik onena: autentikoa. Otis Redding mitikoaren zale amorratua omen da Bimeni, eta Redding ikus daiteke bere abestietan eta abesteko eran, baina baita Wilson Pickett, Marvin Gaye eta soularen beste klasiko asko ere. Sustraietako musikaz bete zuen aretoa Bimenik, inor epel utzi gabe. Gogoratzeko kontzertu horietako bat izan zen.
Gogoratzeko kontzertuak eduki ditu aurten ere Mojo Workin’ jaialdiak, gogoratzeko jaialdi bat delako Mojoa bera, donostiar askorentzat eta donostiarrak ez diren beste askorentzat jaialdi kutuna. Halako festibal txiki eta zainduak dira, hain zuzen ere, benetan hiri bateko kultur aberastasuna bermatzen dutenak. Mojo Workin’-a altxor kultural bat da Donostian, eta, musika beltza bezala, historiaren alde onean dago.
