Uberrek «intrusismo profesionala» egiten duela salatu du Taxi Federazioak
Uber enpresaren auto baten artxiboko irudia.Wikipedia Uber plataforma Donostiara iristea kritikatu du Euskal Herriko Taxi Federazioak : “Intrusismo profesionala” dela adierazi du. “Are gehiago, Donostiako alkatearen azken adierazpenek eta Uberrekin izandako bilerak berresten dute VTC-ek ez dutela inolako interesik arau esparru zorrotza betetzeko”. Mobilizatzera deitu dute.
“Harritu egiten gaitu hainbat ordezkari politikok intrusismo hori onartzeak”, diote hedabideei igorritako mezuan. Honakoak dira arrazoiak: “Uberrek Holandan du zerga-egoitza, eta, beraz, bertan dituen diru-sarrerak aitortzen ditu, eta zerbitzuagatiko komisio gehienak euskal lurraldetik kanpo ordaintzen ditu zergak; VTC baimenak dituzten eta plataforma horiekin lankidetzan aritzen diren enpresa gehienek Madrilen dute egoitza, eta, beraz, gure lurraldean ere ez dute zergarik ordaintzen; Egiaztatu ahal izan denez, plataforma horietan VTCek emandako zerbitzuek zerbitzu nabarmen prekarioak eskaintzen dituzte, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat”.
Euskal Herriko Taxi Federazioak dioenez, “askotan” salatu du hori guztia ordezkari politikoen aurrean, “eta taxi zerbitzuarekin eta araudia VTCei betearazteko betebeharrarekin duten konpromisoa adierazten badigute ere, errealitateak erakusten digu konpromiso horiek ez direla praktikara eramaten”.
Erakunde publikoen eta VTC zerbitzuak eskaintzen dituzten plataformen arteko adostasun hori ez du onartuko Taxien Euskal Federazioak. Honela, Bilbon egin diren mobilizazioak euskal lurraldeko beste hiri eta udalerri batzuetara zabalduko direla iragarri dute. Donostian, martxoaren 26ean egingo dute. Mobilizazioak egiten jarraituko dutela adierazi dute, aldarrikapen sinple batekin: “Taxien sektoretik araudia betetzea baino ez dugu eskatzen”.
