Antiguako lehen igogailua «lehenestea» erabaki du udalak
Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotuko dituen azpiegiturak 1,3 milioi euroko aurrekontua izango du.
Erregezaintza kaleko igogailuaren proiektua.Girder Askotariko atzerapenak pilatu ditu Antiguako Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko igogailu multzoak. Guztira, lau dira aurreikusitakoak, eta, azkenean, Donostiako Udalak lehendabizikoaren lanak adjudikatu ditu.
Obras Especiales Edificacion e Infraestructuras enpresak eraikiko du aurreneko igogailua. 1.311.648 euroko aurrekontua eta zortzi hilabeteko egikaritze epea ditu. Ondo bidean, udaberrirako obra abian jartzea aurreikusten du Jon Insausti alkateak.
“Lehen igogailua lehenetsi dugu, hori delako auzotarrek behar dutena. Auzoa kohesionatzen lagunduko du”, nabarmendu du Insaustik. Aurrenekoa bideratuta, laugarrena izango da eraikitzea aurreikusten duten hurrengoa: “Mugikortasun Sailak eta auzotarrek laugarrenari ere begiratzen diote, bigarren garrantzitsuena delako”. Horrela ere, denboran luzatu daiteke haren tramitazioa, alkateak aitortu duenez. Izan ere, Larramendi ikastola dago jartzea aurreikusten den tokian, eta ikastetxea fusio fase batean dagoenez, horren zain daude proiektuari heltzeko.
Bien tarteko beste bi igogailuei dagokienez, aurrerago aztertuko du udalak horiekin jarraituko duen edo ez. Hau da, ez dute baztertzen soilik lautik bi eraikitzea.


