Sorleku parkea eraikitzeko lanak adjudikatu dituzte
Donostiako Udalak beste urrats bat egin du Intxaurrondoko lursaileko obrak udaberrian hasteko.
Intxaurrondoko Marrutxipi eremuko lursail honetan aurreikusi dute eraikitzea Sorleku parkea.Inaxio Esnaola Donostiako Udal Gobernuak iazko urrian onartu zuen Intxaurrondoko Sorleku parkea egiteko kontratazio espedientea. 2026. urte bukaerarako prest egotea aurreikusi zuten, eta iragarpen hori bete ahal izango dela dirudi. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzordeak parkea eraikitzeko lanak adjudikatu dizkio Sasoi Eraikuntzak enpresari.
Obrak 713.900 euroko aurrekontua du, eta egiteko bost hilabeteko epea. Lanak datozen asteotan hasiko direla aurreratu du Jon Insausti alkateak. Beraz, udaberrirako martxan izango da obra, eta aipaturiko epea bete ahal izango da.
Alkateak gaineratu duenez, proiektu honek Intxaurrondoko lursail horren ingurumena lehengoratzea eta aisialdirako toki bihurtzea du helburu. Inguruko bizilagunekin partaidetza prozesu baten bidez diseinatu dela nabarmendu du. Dena dela, gogoratu behar da lursail horrek eztabaida ugari sortu dituela herritarren eta udalaren artean. Baita ere, udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren artean ere.


