«Udalaren eskumen bakarra trafikoa ordenatzea da, eta Uberrek arauak bete behar ditu»
Jon Insausti alkateak esan du "ulertzen" duela taxi sektorearen kezka, eta haiekin bilera bat egingo du laster.
Bulebarreko taxi geltokia.Donostiako Udala Uber ibilgailu gidaridunak (IG) Donostiara iritsi zirenetik, taxien sektorea oso kritiko agertu da. Donostiako Udalari neurriak hartzeko eskatu diote behin eta berriz, Uberrek arauak bete ditzan. Horren aurrean, Jon Insausti alkateak adierazi du “ulertzen” duela taxi sektorearen kezka, eta bilera bat “itxi berri” duela iragarri du.
“Pasa den astean Uberreko ordezkariekin elkartu ginen, eta entzun genien. Orain, taxi sektorearekin batu eta haiei ere entzutea dagokigu. Garrantzitsua da beraien iritzia jasotzea”, azaldu du Insaustik. Horrela ere, “ziurgabetasun juridiko handia” dagoela aitortu du, eta hori “onartzea” dagokiola udalari: “Gure eskumen bakarra trafikoa ordenatzea da, eta Uberrek arauak bete behar ditu”. Hain zuzen ere, Uberren ibilgailuek ezin dituzte autobusen eta taxien erreiak erabili, ezin dira taxien geltokietan geratu, eta ezin dute errepidean onartu gabeko biraketarik egin.
Taxien batzordea deitzeko beharra aipatu du alkateak, eta hori Gipuzkoako Aldundiari dagokiola gogoratu du: “Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia, Donostiako Udala eta beste udalerri batzuek osatzen dugu, taxi sektorearekin batera. Beharrezkoa da elkartzea Uberren errealitateaz hitz egiteko. Donostian operatzen ari dira, baina sekulako hutsune normatiboa dago”.


