Hainbat herri mugimenduk mobilizazio bateratua egingo dute greba egunean, etxebizitzaren alde
Martxoaren 17an mobilizazio bateratua egingo dute herri eragileek. Datorren astean izango den greba orokorraren harira, Donostiako eragile sozial ugari batu egin dira, eta manifestazio bateratua egingo dute: “Langile klasearen pobretzearen erantzuleak zeintzuk diren salatu eta gure bizitzen gaineko kontrola berreskuratu behar dugula aldarrikatzeko eguna izango da”.
Zehaztu dutenez, hainbat dira “Donostiako langile klasea zeharkatzen duten gatazkak eta borrokak”: pentsio duinen aldeko borroka luze bezain eredugarria, zaintza-sistema publiko-komunitarioaren aldekoa, kalitatezko osasungintza doako eta unibertsalaren aldekoa, hizkuntz eskubideen defentsan egindakoa eta oldarraldi judizialaren aurrean lan mundua euskalduntzeko neurri gehiago eskatzen dituena, lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzearen aldekoa, desazkunde turistikoaren aldekoa, eta abar”.
Nabarmendu dutenez, ordea, Donostian, etxebizitzaren auziak “zentraltasun osoa” hartu du, eta gaur egun “klase borrokaren adierazpenik gordinenetakoa bihurtu da”. Zentzu horretan, gaineratu dute, “soldatapeko lana eta etxebizitzaren auzia estu lotuta daude sistema kolonial, kapitalista eta zisheteropatriarkalaren egiturekin eta botere mekanismoekin”. Hainbat eta hainbat dira sektore arautu gabean eta babes sindikalik gabe lan prekarizatuan jarduten direnak, oro har, gazteak, emakumeak, pertsona arrazializatuak, sexu langileak eta sexu-genero disidentziak. “Egoera horrek zuzenean eragiten dio etxebizitzarako sarbideari maiz berau lortzeko aukeratik kanpo geratzen dira, gurpil zoro batean harrapatuta”.
Horregatik, datorren martxoaren 17an, greba orokorraren baitan manifestazioa antolatu dute Etxebizitza eskubidea bermatu, soldatak igo eta hemen erabaki lelopean, 18:00etan Groseko Katalunia plazatik abiatuta.
Honakoak dira, besteak beste, elkarrekin arituko diren eragileak: Amara Berri ehuntzen, Asanblada transbollomarika, Atximurka, AZGA, Erraustu, EHE, Gipuzkoako Trans Asanblada, Ehgam, Hondarpe, Ikama, Jardun, Kinka eta Saretxe.


