Bagerak salatu du euskararen aurkako ekimen juridiko «antolatu» bat dagoela
Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren aurkako epaia salatzeko elkarretaratzea. Inaxio Esnaola Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak kezka agertu du azken egunotan argitaratutako informazioen harira, eta salatu du euskararen aurkako ekimen juridikoak modu koordinatuan sustatzeko estrategia bat egon daitekeela. Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, egoera “oso larritzat” jotzen dute.
Elkartearen arabera, Argia aldizkariak zabaldutako ikerketek erakusten dute administrazio publikoetako lan deialdien aurkako helegiteak modu antolatuan sustatzeko sare bat egon dela. Bageraren ustez, tresna juridikoak horrela erabiltzea ez da jardun neutroa, baizik eta “euskararen normalizazioaren aurkako estrategia deliberatua”.
Adierazi dutenez, administrazio publikoek herritarrak bi hizkuntza ofizialetan artatzeko gaitasuna izan behar dute, eta horretarako kasu askotan, ezinbestekoa da langileek euskara jakitea. Horrenbestez, hizkuntza eskakizunak ez direla inor baztertzeko tresna azpimarratu dute, baizik eta “herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko” mekanismoa.
Bageraren iritziz, lan deialdi publikoak helegiteen bidez sistematikoki blokeatzeko edo atzeratzeko estrategiek kalte egiten diote euskararen normalizazio prozesuari. Gainera, gaineratu dute halako jardunek herritarren hizkuntza eskubideen garapena oztopatzen dutela eta euskaraz bizi nahi duen gizarte baten aurka doazela.
Horregatik, elkarteak beharrezkotzat jo du egoera argitzea eta “euskararen aurkako ekimen juridiko antolatuak” publikoki salatzea. Era berean, erakunde publikoei eskatu die “hizkuntza eskubideen defentsan irmo” jarduteko.
Amaitzeko, Bagerak gizarte osoari dei egin dio euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa indartzera. Elkarteak adierazi du Donostian eta Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izatea helburu duen komunitate baten alde lanean jarraituko duela.
