Metal gourmet jaialdia
Donostia Prog-Tech Metal Festa bigarrenez hartu du Larratxo Kultur Etxeak, berriz ere, eskaintza bikoitzarekin eta aberatsarekin.
Persefone taldea, zuzenean.Iñigo Malvido Estreinakoa bezain garrantzitsua da bigarrena. Harrera ona izan zuen iazko lehen Donostia Prog-Tech Metal Festak; bai klase magistralek eta baita zuzeneko emanaldiek ere. Larratxo Kultur Etxeak erronkari eutsi eta apustua berrestea erabaki zuen, besteak beste, plaza berean antolatzen diren metal jaialdien oso bestelakoa delako. Ez da hobea, soilik desberdina. Horrelakoa izan zen hilaren 7an Larratxon arratsaldetik gauerdira bitartean bizitakoa.
Eskaintza bikoitza da jaialdiaren oinarria, eta pasa den urteko ikasle kopurua nabarmen gainditu zuten ikastaroek. Mikel Gomez (S.A., Lampr3a) bateria jotzailearen masterclass-a kultur etxeko gela batetik areto bertara eraman behar izan zuten, aurreikusitakoak baino gehiago izan zirelako izena eman zutenak. Gomezek haren abilezia, teknika eta karisma ere erakutsi zituen oholtza gainetik. Gitarra ikastaroa ere jendez bete zen, eta maisuki aritu ziren Borja Mintegiaga (Lampr3a) eta Carlos Lozano (Persefone) gitarra jotzaileak.
Lezioak behar den moduan jasota, ikastaroetako gehientsuenak geratu ziren gauekoaz gozatzera. Luxuzko kartelak merezi zuen, eta zuzeneko emanaldiak ikusteko 200 lagun baino gehiago elkartu ziren kultur etxeko areto nagusian. Aurtengo eskaintza gourmet menu baten parekoa zen: lehen platera, bigarrena eta postrea. Bakoitza zein den argitzea ez da horren erraza. Dena dela, emanaldien ordena hauxe izan zen: Mise en Abyme, Hilotz eta Persefone.
Taularatzen lehena Mise en Abyme hiruko instrumentala izan zen. Metala, rocka eta progresiboa gustu oso onarekin nahasten dituzte gipuzkoarrek, eta hori bera da eskaini zutena. Bateria jotzailea eta gitarristetako bat gaixo zeuden arren, aukera aprobetxatzea erabaki zuten. Emergence lan laburreko abestiak, Fairy tale pieza berriena eta argitaratu gabeko batzuk tartekatu zituzten. Hiru musikari oso onen erakustaldi teknikoa izan zen. Gaixo egon ez balira, orduan, zer?
Bigarren taldea, berriz, Hilotz izan zen. Hau ere, hirukoa. Dena dela, hasi orduko eten zen emanaldia. Argia joan zen, matxura nahiko potolo baten eraginez. Kontzertua berrartzeko aukera egongo zela iragarri zieten ikus-entzuleei, baina ordu erdi inguruko atzerapenarekin. Minutuak gorabehera, horrela izan zen, eta Hilotzek prestaturiko emanaldiaren zati handiena eskaini ahal izan zuen. Lasarte-Orian sorturiko thrash metal bandak bere errepertorio teknikoena eta progresiboena aukeratu zuen. Horri esker, Giza ankerkeria diskoko trilogia aparta zuzenera eraman zuten, aspaldiko partez. Hilketa eta Pertsona, terrorista pieza zuzenagoak ere ez ziren falta izan. Oztopoak oztopo, airoso aritu ziren.
Hirugarren eta azken banda aipaturiko luxuaren adibidetzat har daiteke. Andorrako Persefone zuzenean ikusi ahal izatea ez da oso erraza, baina Larratxora hurbildu zenak pribilegio hori izan zuen. Muturreko metala eta progresiboa nahasten duen Europako talde erakargarrienetako bat da. Seikotea izanik ere, laukote moduan aritu ziren, eta, zorionez, hutsuneak ez ziren horrenbeste nabaritu. Halere, errepertorioa zertxobait murriztu zuten izandako arazo teknikoengatik. Ez zuen inolaz ere ilundu proposatu nahi zutena, eta ederki gozatu zuten haiengatik itxarotea erabaki zutenek. Duela gutxi kaleratu duten Live in Andorra zuzeneko diskoaren laburpen moduko bat izan zen, azken argitalpenetan jarriaz abesti sortaren pisua. Noski, pieza zaharragoak ere berreskuratu zituzten, zuzeneko zinez orekatua lortzeko. Batez ere, transmititu zuten energia positiboa da nabarmentzekoa. Gaua borobiltzeko modu onena izan zen.



