Añargiren bazkide guztiek jasotzen dute Añorgan sorturiko energia berriztagarria
Bi instalazio fotovoltaikoak martxan jarri ondoren, hirugarren baten proiektua lantzen ari da komunitate energetikoa.
Añorgako instalazio fotovoltaikoetako bat.Añargi Añorgako Añargi komunitate energetikoa iazko maiatzean hasi zen energia berriztagarria banatzen bazkideei, Ikastolen Elkartearen teilatuan jarritako lehen instalazio fotovoltaikotik. Ordurako, Pedro Jose kaleko etxebizitza baten teilatuan jarria zuten bigarren instalazioa —2024ko urrian, zehazki—. Ordea, pasa den urtarrilean jaso zuten Iberdrolaren baimena energia banatzeko. Oztopoak oztopo eta traba burokratiko guztien gainetik, egun Añargiren 80 bazkide baino gehiago jasotzen dute Añorgan sorturiko energia berriztagarria.
“Oztopoak izaten ari gara instalazioak eraikitzetik bazkideei energia banatzeraino. Bi instalazioekin urtebete itxaron behar izan dugu, oztopoak gainditzeko, eta energia bazkideei banatzeko”, deitoratu du Iker Urmeneta Añargi kooperatibako kideak. Añargitik eta inguruko komunitate energetikoek zailtasunak dituzte baimenak ahalik eta azkarren eskuratzeko. “Iberdrolak baimen horiek guztiak nahita atzeratzen ditu, guk dokumentazio guztia behar den moduan eta garaiz aurkeztu arren”, gaineratu du Urmenetak.
Horrela ere, bazkide gehiagoren bila dabil Añargi, helburua beste instalazio fotovoltaiko batzuk jartzea delako. “Bazkidetza kanpaina bat egin genuen, energia gehiago sortzen ari garelako. Orain, berriz, Añorgako eta inguruko enpresak saretzen gabiltza”, azaldu du. Esaterako, Añorgako Gisat kooperatiba Añargiko bazkidea egin da, eta haiek dira instalazioak jartzen dituztenak. Orain dela gutxi ere, Añorgako arkitektura bulego bat bazkide egin da, eta bulego horrek egingo ditu aurrerantzean Añargiren txosten tekniko guztiak.
Ikastolen Elkartearen egoitzaren teilatuan 76 plaka fotovoltaiko jarri zituzten, eta Pedro Jose kaleko etxebizitzaren teilatuan, berriz, 68 plaka. Hirugarren instalazio baten proiektua lantzen ari dira, eta aipaturiko plaka kopurua handitu nahi du Añorgako komunitate energetikoak. “Proiektuak aurrera aterako bagenu, 120 plaka instalatzeko aukera izango genuke. Horren bidez, Añorgako komertzio txikia Añargiren partaide bihurtzea gustatuko litzaiguke. Horrela, dituzten behar energetikoak Añorgan bertan sorturiko energia berriztagarriarekin asebeteko lituzkete”, azaldu du Urmenetak.
Igeldorekin batera
Pasa den astean aurkeztu zuten Igeldoko Komunitate Energetikoa (IKE), eta aurkezpenean izan ziren Añargiko ordezkariak. “Hasieratik gabiltza haiekin harremanetan”, dio Urmenetak. “Bidelagunak gara, eta elkarlana sustatu dugu haiekin, eta baita Usurbileko eta Hernaniko energia komunitateekin ere. Batez ere, zailtasunak gainditzeko eta aholkularitza konpartitzeko elkartu ginen. Harreman oso naturala dugu”, gaineratu du.
Añorgaren antzera, Igeldok ere komunitate sendoa duela uste du Urmenetak: “Horrek erraztu egiten du, gure proiektuak aurrera ateratzea. Bazkide kopuru polita izatea, eta bertako behar energetikoak bertako baliabideen bitartez sustatzea, kudeatzea eta asebetetzea”. Bestalde, Igeldon ere gertatu den moduan, Añorgan eraikin pribatuetan jarri behar izan dituzte instalazio fotovoltaikoak. “Donostiako Udalak eraikin publikoak erabiltzea ukatu digu, arrazoi desberdinak medio. Azkenean, herritarren teilatu pribatuak erabili behar izan ditugu Añorgan, eta gauza bera gertatu zaie Igeldon ere”, nabarmendu du Urmenetak.
Aurrera begirako mezu bat ere badu Añargi kooperatibako kideak: “Donostian eta Donostialdean, mendebaldeko auzo eta herrietan, bestelako energia eredu bat sustatzen ari gara. Espero dugu beste auzo eta herrietan horrelako proiektuak martxan jartzea. Horretarako, prest gaude bidelagunak izateko eta aholkularitza eskaintzeko”.
