Energia burujabetzaren aldeko urratsak egiten ari dira
Hitzaldi interesgarri bat izan zen abiapuntua, eta hiru urte geroago, Igeldoko Komunitate Energetikoa (IKE) aurkeztu dute. 78 bazkide dituzte eta lau instalazio fotovoltaiko jarri dituzte martxan.
Igeldoko Komunitate Energetikoaren aurkezpena, herriko plazan.Xalba Ramirez Plazaratzeko unea iritsi da, pausoak ematen jarraitzeko. Pasa den astean aurkeztu zuten Igeldoko Komunitate Energetikoa (IKE), eta argi dute helburua: energia burujabetza. Horretarako, hiru urteko lanaren emaitza jarri dute oinarri gisa. 78 bazkide eta familia dituzte, sei enpresa eta bi elkarte. Ibiltzen hasiberria den Igeldoko toki entitate txikiaren bultzada behar dute orain, baita bazkide gazteak ere. «Herriak harrera polita egin dio. Egia esan, oso pozik gaude. Datorren astean, bazkideon batzarra dugu, eta baloratuko dugu herrian IKEren aurkezpenak izandako oihartzuna», dio Nekane Urruzmendik, IKEko kontseilu errektoreko lehendakariak.
Dagoeneko lau instalazio fotovoltaiko daude martxan. «Lehen hiruak abendutik, eta laugarrena urtarriletik», zehaztu du Urruzmendik. Horri esker, Igeldoko familien ia herenaren kontsumo energetikoa jasangarriagoa dela nabarmendu du. Plaka fotovoltaiko horiek IKO dendaren eta hiru etxebizitza pribaturen teilatuetan jarri zituzten. Momentuz, ez dituzte gehiago jarriko, baina etorkizun hurbilean aukera berriak aztertuko dituzte.
Igeldoko Komunitate Energetikoa energia berdea kontsumitzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba da. Urruzmendik azaldu duenez, komunitatearen jarduera nagusia jatorri berriztagarriko energia ekoiztea da, bazkideek autokontsumitzeko: «Egungo energia eredua aldatzeko konpromisoa hartu dugu, pausoz pauso, Igeldon ere %100 eredu berriztagarria lortzeko».
Hiru urteko bidea
2023ko otsailean, energia komunitateei eta energia berriztagarriei buruzko hitzaldi bat egin zuten Igeldon. Eneko Maioz gonbidatu zuten, Orexako alkatea zena orduan, eta, orain, Orexako energia komunitateko presidentea dena. «Berak animatu gintuen Igeldon energia komunitate bat sortzera, eta halaxe egin genuen. 2023ko martxoan herriko hainbatek talde sustatzailea sortu genuen, eta lanean hasi ginen», gogoratu du Urruzmendik.
Hilabete batzuk pasatu zituzten herritarrekin hitz egiten, bazkideak bilatzen eta beste. Azkenik, 2023ko abenduan sortu zuten kooperatiba. Aldiz, 2024an erabaki zuten plaka fotovoltaikoak jartzea, eta Donostiako Udalarekin jarri ziren harremanetan. «Estalki publikoak lagatzeko eskatu genien, horietan plakak jartzeko. Hasieran, baiezkoa eman zigun sozialisten esku zegoen Ingurumen Saileko arduradunak. Gerora, ordea, ezezkoa jaso genuen, donostiar guztien alde egin nahi zuelako gai horretan», deitoratu du.
Bitartean, Gipuzkoako Aldundiko laguntzetara aurkeztu ziren, «eta asko lagundu ziguten». Denboraz larri ibili ziren arren, laguntzak eskatzeko epea luzatu zieten, eta estalki pribatuetan plaka fotovoltaikoak jartzeko baimenak lortu zituzten. «Bazkide dezentek eskaini zizkiguten haien teilatuak, baina Goienerrek egokienak ziren hiruak aukeratu zituen, eta leku horietan jarri genituen», azaldu du Urruzmendik.
Aurrera begira
IKE ofizialki aurkeztu berritan, kontseilu errektoreak lanean jarraitzen du. «Azken batzarrean, bazkideei esan genien 2026an ez genuela proiektu berririk proposatuko. Batetik, Toki Entitate Txikiaren zain gaudelako. Nahi dugu komunitatearen parte izatea. Duela gutxi martxan jarri denez, lanpetuta daude, eta denbora eskatu ziguten», esan du Urruzmendik. Horrekin batera, «leku fisiko» baten bila dabiltza IKEren kudeaketa «zentralizatzeko», eta instalazio fotovoltaikoen sistema bat ere martxan jarri nahi dute.

