«Hiriko auzo gehienetan sortu dira greba batzordeak, inoiz baino gehiago»
Greba orokorraren atarian, LAB sindikatuko ordezkariak baikor dira mobilizazioak izango duen erantzunari dagokionean. Gutxieneko soldata hemen erabakitzeak duen garrantzia nabarmendu eta bestelako errealitate batzuk ikusarazteko baliatu nahi dute eguna.
Iker Beristain eta Maider Fernandez, LABen Groseko egoitzan.Maitane Aldanondo Zergatik erabaki zenuten greba orokorrera deitzea?
Iker Beristain (I.B.): Iaz hasitako lanketa batetik dator. Patronalari eskatu genion lanbide arteko gutxieneko soldata negoziatu ahal izateko mahai bat osatzea; EAEn, sindikatu guztiok egin genuen, baita CCOOk eta UGTk ere, Nafarroan ez bezala. Lehen aldia izan da patronalak, sekulako harrokeriarekin, mahaia osatu ere egin ez duena. Bigarren aldiz eskatu zitzaion, eta horri ere uko egin zion. Paraleloki, ekimen legegile baterako sinadura bilketa etorri zen, 140.000 bat sinadura lortu genituen; eta atzera bota zuten, aurrez pentsiodunen ekimenarekin egin moduan, eztabaidara ere pasatu gabe. Horren aurrean, erantzunak irmoa izan behar zuen, eta aukera bakarra greba orokorra zen. LABek ELAri planteatu zion, ELAk baiezkoa eman, eta ondoren, gainontzeko sindikatuekin hasi ginen hizketan.
1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikapen zehatza da, baina horren bidez zer da lortu nahi duzuena?
Maider Fernandez (M.F.): Pobrezia murriztea, prekaritateari aurre egitea eta aberastasuna modu egokiago batean banatzea. Argi dago, hemen, aberastasuna badagoela, gakoa da ez dagoela egoki banatuta. Egungo soldatek ez diete oinarrizko gastuei aurre egiten eta aldarrikapen nagusia da gutxieneko soldata propioa izatea.
I.B.: 1.500 euro gordin izatea, eta betiere, estatu mailan dagoenaren gainetik; hemen bizitza maila askoz garestiagoa baita. Horrekin lotuta, burujabetza. Ekimen legegilearekin Jaurlaritzari eskatzen zitzaiona hori zen ere: eskuduntza hori eskatzea, gutxieneko soldata hemen erabaki ahal izateko pausoak ematea. Bestalde, patronala pixka bat tenkatu nahi dugu, negozia dezan.
Jaurlaritzak dio gutxieneko soldatak langileen %3ari soilik eragiten diola. Zein da neurri honen pisua?
M.F.: Euskal Herrian, 307.000 langileri eragiten die; EAEn, 250.000tik gorari. Batez ere, emakumeak, gazteak eta migratuak dira.
I.B.: Prekarioenak dira. Garbiketa, jangela, zahar egoitzetako langileak… Gutxienez, haiengan eragin nahi dugu. Onartuz gero, sekulako saltoa izango litzateke beraien baldintzetan.
Soldataz harago, beste errealitate batzuk ere ikusgarri egin nahi dituzue.
I.B.: Badago jatorri eta sexu araberako lan banaketa bat, historikoa dena, eta azken urteotan feminismoak jopuntuan jarri duena. Maskulinizatutako lanak ondo ikusita daude, garrantzitsuagoak dira; eta atzean dauden horiek, ez. Pandemia garaian, behar-beharrezkoak ziren, baina hura pasatuta alboratu egin zituzten. Grebak horri ere sakatu nahi dio: onartzea gizartean duten garrantzia eta beharrezkoa dela pertsona horiek soldata duina eta gutxieneko batzuk izatea, baldintza txukunak eta lan ordutegi egokiak.
M.F.: Industrian, txandaka aritzen dira eta 1.600 bat ordu egiten dituzte; baina beste sektore batzuetan, 1.700 edo 1.800 dira, asteburuetan, partzialtasunarekin, egun osoko prestutasuna…
Aldea dago sektore artean, beraz.
M.F.: Bai soldatetan, bai baldintzetan, lanorduetan… Ikusten da zeintzuk dauden hobe eta zeintzuk prekarioen.
I.B.: Industrian, historikoki, borrokarako grina egon da eta horrek ekarri ditu hitzarmen eta lan baldintza hobeak. Prekarioenak diren horiek, ordea, ostalaritza, garbiketa, jangeletako begiraleak, bulegoetako langileak… ez dute borrokarako kultura eta patronala ere ahalegintzen da langileak atomizatzen, harremanik ez dezatela izan. Elkartzeko, borrokatzeko, zailtasunak dituzte eta horretaz ere aprobetxatzen da.
Egun gutxi falta dira, zer erantzun espero duzue?
I.B.: Uste dut ona izango dela, baina sektorez sektore desberdina izango da, baldintzen edo gutxieneko zerbitzuen arabera. Patronalak eta gobernuek ahalegina egingo dute arrakasta txikia izateko. Sektore publikoan, Jaurlaritza eta beste gobernu batzuk saiatzen ari dira langileen greba eskubidea mugatzen. Jartzen dituzte %100eko edo %90eko gutxieneko zerbitzuak, jaiegun batean baino jende gehiago; langile batzuek ezin dute grebarik egin.
Zer nolako babesa jaso du Donostian?
M.F.: Datuak jasotzen ari gara. 50 langiletik gorako enpresetako 60 komite baino gehiago atxiki dira. Donostialdean, enpresa asko txikiak dira, delegatu bakarra dute, eta batzuk batu dira.
I.B.: CCOOn eta UGTn dauden batzuk ere atxiki dira, maila pertsonalean. Garrantzitsua zen beraiek kontrako lana ez egitea, tentsioa sortuko litzatekeelako. Ez da arazorik egon eta hori eskertzekoa da.
Auzo gehienetan sortu dira greba batzordeak, inoiz baino gehiago. Hankamotz gelditu dira Aiete, Martutene eta Igara, baina gainontzekoetan badago jende bat propaganda egiten edo lanketa egiten. Beste grebekin alderatuta, aurrerapausoak eman dira.
Zer egingo duzue martxoaren 17an, Donostian?
I.B.: Goizaldetik, pikete informatiboak. Bat Miramonen, 08:30 aldera. Historikoki, Martuteneko 27 Industrialdean izaten zen, baina, egun, enpresa gehien edo handienak Miramonen daude. Bestea, nostalgia puntu batetik, 10:00ak aldera Erdialdetik. Bere garaian banka piketea zegoen, egun, apenas delegaturik badago ere, ELAk planteatu zigun piketetxo bat egitea. Auzo gehienetan greba batzordeak daude, baina Erdialdea gelditzen da pixka bat umezurtz eta, behintzat, grebaren presentzia egon dadin.
M.F.: Manifestazioaren aurretik, hiru zutabe irtengo dira. Bat Anoetatik, beste bat Antiguako tuneletik, eta beste bat Renfeko geltokitik, Federico Garcia Lorca kaletik. Pio XIIaren plazan hasiko da manifestazioa, 12:30ean. Bi zutabe hasieran batuko dira, eta Antiguakoa Urbieta kalean. Bulebarrean amaituko da eta udaletxe ondoan ekitaldi nagusia egingo dugu.
Eta grebaren ondoren zer?
M.F.: Borrokarekin jarraitu. Nahiko argi daukagu gauzak ez direla egun batetik bestera aldatzen eta lortzen, baina kutsu bat uzten dute.
I.B.: Greba arrakastatsu batek, borroka on batek, hemendik bi-hiru urtetara patronala gertura dezake orain negoziatu nahi ez duen horretara. Ikusi da patronala urduri dagoela eta zenbait hitzarmenetan ari dela eskaintza ekonomikoa hobetzen, sindikatuon presiorik gabe, desaktibatu nahian. Deialdiarekin soilik hori gertatu dela ikusita, goazen greba indartsu bat egitera; bidea eginez, gauza asko aldatu eta hobetuko ditu.
M.F.: Indarra edo muskulua erakusteak ematen dizu beste posizio bat.
