Indarrak neurtzeko norgehiagoka izango da Realarentzat
Real Madril hartuko dute neskek Zubietan, eta mutilek Osasuna, Anoetan. Txuri Urdinek, berriz, finalera sailkatzeko neurketa erabakigarria izango du. Bera Berak, Realeko belar hockey taldeak eta Gipuzkoa Basketek ere partidak dituzte asteburuan.
Realaren eta Real Madrilen arteko partida bat.Reala Hirugarren postua ia ziurtatua izan arren, Realako neskek bigarrenaren lehian sartzeko aukera dute. Real Madril du gainetik, hiru puntura. Hain zuzen ere, bi taldeek indarrak neurtuko dituzte bihar, Zubietan (18:30). Txuri-urdinek irabaziz gero, sailkapenean madrildarrekin berdinduta geratuko lirateke —50 puntu batuta—. Orain arteko sasoia oso ona izan bada, hori lortuta are hobea izango litzateke. Era berean, irabazteak atzetik dituen taldeak gehiago urruntzea ekar dezake. Realeko mutilek, berriz, sasoiko enegarren euskal derbia jokatuko dute, etzi, Anoetan (21:00). Ligan eta kopan hainbatetan aritu dira euskal taldeen kontra, eta, oraingoan, Osasuna izango dute arerio. Bai, kopan ere kanporatu zutena. Ligari begira jarrita, hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua izango litzateke txuri-urdinentzat.
Eskubaloian, Bera Berak hainbat aldaketa iragarri ditu azken egunotan. Esanguratsuena da entrenatzaile aldaketa. Imanol Alvarezek sasoi bukaeran utziko du aulkia, eta haren alboko Jon Begiristainek hartuko du lehen taldearen gidaritza. Hori gertatu bitartean, elkarrekin ariko dira lanean eskubaloi taldeak ezarritako helburuak bete ditzan. Ligari dagokionez, Elda hartuko dute bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Hain zuzen ere, liga erregularra lehen postuan bukatu nahi dute, titulurako kanporaketetan abantaila izateko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek bale edo kale egingo dute asteburuan. Titulurako kanporaketako finalerdietan bosgarren eta azken partidaraino iritsi dira, bi neurketa irabazi eta beste bi galduta. Puigcerdan jokatuko da bosgarren eta azken neurketa erabakigarria, bihar, 22:00etan. Irabazten duenak jokatuko du finala, eta asteburuan erabakiko da beste finalista ere. Jaca eta Majadahonda ere berdinduta iritsi dira azken partidara. Aspaldiko partez, ederra litzateke donostiarrek ligako titulua irabazteko finalera iristea.
Belar hockeyan, Realeko neskek hilabeteetako etena etengo dute asteburuan. Liga bueltan da, eta baita haien lehia ere. Tamalez, ez da areriorik errazena izango txapelketa berrartzeko. Club de Camporen kontra ariko dira etzi, Zubietan (12:00). Hau da, liderra izango dute aurrez aurre. Txuri-urdinak, berriz, sailkapeneko zortzigarren tokian daude.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek soilik jokatuk du asteburuan, eta estatistika esanguratsu batekin jarraitzeko aukera dute. Izan ere, azken hamasei neurketetatik hamalau irabazi dituzte. Horri esker, sailkapeneko laugarren postuan daude, eta maila gorenera igotzeko ilusioa elikatzen ari dira. Etzi, etxetik kanpo jokatuko dute, Oviedoren pistan (12:30). Zortzigarren postuan daude asturiarrak, eta, beraz, mendean hartu ahal izateko beste aurkari bat da.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala – Real Madril (bihar, larunbata, 18:30)
Gizonezkoen liga, 28. jardunaldia
- Reala – Osasuna (etzi, igandea, 21:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Bera Bera – Elda (bihar, larunbata, 18:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Bosgarren partida: Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 22:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Reala – Club de Campo (etzi, igandea, 12:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 25. jardunaldia
- Oviedo – Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 12:30)
