«Koherentzia» eskatu dio EH Bilduk EAJri, Legebiltzarrean Amara Berriko topoaren auzian kontra bozkatzeagatik
Olatz Yarza, Jon Insausti eta Idoia Gracia, Amara Berriko topoaren ondoan.Nagore Garmendia EH Bilduk Amara Berrin Topoa estali beharra aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrean auzoko bizilagunek pairatzen dituzten zarata arazoak konpontzeko, eta, hortaz, Morlans-Anoeta tartean trenbidea estaltzeko konponbide integrala emateko eskatu die Jaurlaritzari eta ETS-Euskal Trenbide Sareari, Donostiako Udalarekin elkarlanean. Proposamena, baina, ez da onartu, “EAJ PSErekin lerrokatu delako”, kontrakoa botoa emanda.
Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak Amara Berriko bizilagunek trenbidea estaltzeko eskatzen dutela gogorarazi du, eta horixe bera onartu dutela Donostiako Udalak zein Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bi kasuetan, EH Bilduren eta EAJren botoekin. Salatu zutenez, atzo, ordea, ez zen hala gertatu Legebiltzarrean, “EAJk EH Bilduren ekimenaren kontra bozkatu zuelako”.
Villalbak jeltzaleen “atzerapausoa” kritikatu du, “ulergaitza delako Donostian gauza bat esatea eta beste bat Legebiltzarrean”: “Koherentzia da Udaletxean, Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean gauza bera esatea, baina hemen EAJk PSErekin joatea eta alderdiko interesak lehenetsi ditu. Ez ditu auzokideen interesak lehenetsi. Koherentzia eskatzen diogu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Topoa estaltzea defendatu du, mahai gainean dauden beste bi alternatibek (soterramendua eta pantailak jartzea) baino abantaila gehiago dituelako: “Soterramendua oso zaila da teknikoki eta garestia ere bada; pantailena oraindik garatu gabe dago eta ez du bermatzen arazoa benetan konpontzea; Morlans-Anoeta tartea estaltzeak, ordea, zarata arazoak konpontzen ditu eta, aldi berean, trena hirian hobeto integratzea ahalbidetuko luke”.
Edonola ere, auzo elkarteak nabarmendu duenez, ezezko honek ez du esan nahi proiektua bertan behera geratuko denik, proiektuaren ardura Donostiako Udalaren esku geratzen dela, baizik. Zentzu horretan, lanean jarraituko dutela iragarri dute.
