San Telmoko plaza, Donostiako frankisten memoria gune nagusia
Ia lau hamarkadaz, Donostiako hainbat gune erabili zituzten frankistek euren hildakoak oroitzeko eta Francisco Franco buru zuen erregimen ankerra goraipatzeko. Horretarako eremu nagusia, hain zuzen ere, egungo Zuloaga plaza izan zen, eta oso bestelakoa zen orduan.
1937ko urrian egin zuten frankistek euren lehenengo ekitaldia, San Telmoko plazan.Pascual Marin/Kutxateka Espainiako Estatuko herrixka txikienetik hiririk handienera, erregimen frankistak bere esku zegoen guztia egin zuen memoria eta ideia errepublikanoak zapaltzeko eta faxismoa odolez inposatzeko, baita kale izendegiak goitik behera aldatu eta monumentuak altxatu ere. Donostia ez zen salbuespena izan, eta San Telmo plaza, egungo Zuloaga plaza, izan zen frankisten memoria gune nagusia, hamarkada luzez. Hala jaso zuen, Pedro Barruso Bares historialariak Memoria e historia de la Guerra Civil. Lugares de memoria en San Sebastián lanean.
San Telmo komentutik hartu zuten izena plazak eta museoak bere garaian, eta gogoratu behar da XVI. mendean eraikitako komentua izan zela, Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kalekoekin batera, 1813ko erreketaren ondoren zutik mantendu zen eraikin bakanetako bat. XVIII. mendetik, ordea, erabilera militarra zuen eraikinak, eta hala izan zen 1920ko hamarkadan Espainiako militarrak Loiolako kuarteletara joan ziren arte.
Ordutik, asko izan ziren plazaren eta eraikinaren inguruan udalaren mahai gainean egondako asmoak eta proiektuak, eta, hain zuzen ere, Donostiako azken alkate errepublikano Fernando Sasiain izan zen plaza Urgullen magalaren aldetik ixteko proiektua onartu zuena, 1936ko uztailaren 16an, gerra hastear zenean. Aldiz, lehenengo alkate frankista Jose Mugika izan zen proiektua berrartu zuena, hiria frankisten menpe gelditu ostean. 1938an gauzatu zituzten azkenean plazaren eraberritze lanak, eta, ordurako, frankistek euren memoria gune bilakatuta zuten.
«Eroriak» eta beste
Tropa frankistak Donostian sartu eta urtebete eskasera, 1937ko urriaren 29an, Falange Espainolak Erorien Eguneko ospakizunak antolatu zituen San Telmoko plazan, Barrusok aipaturiko lanean jaso zuenez. Plaza bera ez ezik, eraikineko kapera eta klaustroa ere erabili zituzten egun hartan, «erorien» omenezko meza egiteko, militar eta herritar ugariren presentziarekin, garaiko argazkietan ikus daitekeenez.
Ordutik, urtero edo ia urtero, etengabeak izan ziren frankistek euren hildakoak oroitzeko eta faxismoa goraipatzeko bertan egindako ekitaldiak, bereziki, 1939tik aurrera, gerra amaitu zenean, Barrusok ondorioztatu zuenez: «Gerraostean izan ziren aldaketa nagusiak plazan, Donostiako oroimenerako lekurik nabarmenena bihurtu arte».
1942an, ‘de facto’ hiriko memoria gune frankista nagusia zen plazari izaera hori ofizialki eman nahi izan zion udalak
Horrela, 1942an, de facto hiriko memoria gune frankista nagusia zen plazari izaera hori ofizialki eman nahi izan zion udalak. Horretarako, plazan «erorien» omenezko gurutze handi bat zuen monumentua eraikitzea erabaki zuen. Tomas Altuna e Hijos enpresari adjudikatu zizkioten lanak, eta hildako 471 frankistaren izenak idatzi zituzten bertan. 1942ko irailean bukatu zuten monumentua, eta Francok udak Donostian pasatzen zituenez, asmoa zen diktadoreak berak inauguratzea gunea; azkenean, aldiz, ez zen horrela izan.
1950etik, Zuloaga plaza
Ospakizunak egiteko modua eta plazaren eta monumentuaren itxura bera aldatzen joan zen urteekin —besteak beste, gurutzea lekuz aldatu zuten, betiere, plazan mantenduz—, eta, 1950ean, plazaren izena ere aldatu zuten. Zehazki, urte hartako urriaren 15ean inauguratu zuten Ignacio Zuloaga plaza, Falangeko emakumeen sailaren patroi Santa Teresaren egunaren bueltan.
Oraindik duen izenarekin, frankistek askotariko ekitaldiak egiten jarraitu zuten plaza horretan, besteak beste, Falangearen sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren omenez urtero egiten zituzten ekitaldiak. Hain zuzen ere, 1965era arte, Primo de Riveraren omenezko gaueko bijilia egiten zuten plazako kriptan.

Jose Antonio Primo de Riveraren omenezko ekitaldi bat, plazako gurutze frankistan, 1942an.Vicente Martin/Kutxateka
Barrusok jaso zuenez, plazak 1980ko hamarkadan galdu zuen bere esanahi frankista, Franco hil osteko lehenengo udal gobernua hasi zenean kentzen 36ko gerrari erreferentzia egiten zioten hiriko hainbat elementu. Gurutzea 1981ean bota zuten, eta monumentuaren azken arrastoak museoaren handitze lanekin desagertu ziren, urte luzez ahaztuta egon ostean.
Egun haurrentzako jolasgune eta Euskal Herriko museo garrantzitsuenetako baten etxea dena, herria bortizki zapaldu zuen erregimenaren gorazarre gune izan zen, urte luzez. Historia errepikatu ez dadin, komeni omen da historia ezagutzea.

