Pasealeku Berriko ermita: frankistek eraikia eta Oteizaren obrak ordezkatua
Jorge Oteizaren ‘Eraikuntza hutsa’ eskultura ezaguna dagoen tokian, Karmengo Ama Birjinaren ermita egon zen 80 bat urtez. Frankistek eraiki zuten, ‘Baleares’ ontziko euren hildakoen omenez.

Frankismoa tematu egin zen errepublikanoen memoria ezabatzen eta faxistena goraipatzen. Ildo horretatik, Espainiako Estatu osoan kale izendegiak aldatu zituzten eta monumentuak altxatu zituzten, baita Donostian ere. Horietako bat izan zen Pasealeku Berriko Karmengo Ama Birjinaren ermita.
36ko gerra bete-betean hasi ziren Pasealeku Berrian euren iruditeria eta sinbolismoa txertatzen. Hain zuzen ere, 1937an, hiria menderatu eta hilabete gutxira, Falange Espainolaren sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren izena jarri zioten pasealekuari. 1931tik, Errepublikaren pasealekua zen izen ofiziala eta, aurretik, Asturiasko Printzearen pasealekua, baina donostiarrek beti deitu zioten Pasealeku Berria eta 1979an hartu zuen izen hori ofizialki.

hainbat faxista italiar, 1938an, ‘Baleares’ ontziko hildakoen omenaldi frankistan, Pasealeku Berriko behin-behineko aldarean.Pascual Marin/Kutxateka
Horrela, frankismoarentzat Donostiako leku enblematikoenetariko bat izan zen Pasealeku Berria, Pedro Barruso Bares historialariak Memoria e historia de la Guerra Civil. Lugares de memoria en San Sebastián lanean azaldu zuenez: «Behin baino gehiagotan agertzen da erregimenaren iruditerian, ‘erorien’ oroigarri eta ‘martirio’ gune gisa».
Hain zuzen ere, Barrusok jaso zuen aipaturiko ermitaz gain, Pasealeku Berrian «tradizioaren martirien» omenezko monumentu bat eraikitzeko proiektua ere egon zen mahai gainean 1938an. Errepublikanoek 1936ko abuztuaren 1ean Donostian hildako hamalau preso tolosarrak oroitzeko monumentua eraikitzea zen asmoa, bost bat metroko altuerakoa eta gurutze handi bat izango zuena. Donostiako Udalak proposamena onartu zuen 1938ko urrian, baina, Barrusok dioenez, hori da proiektuari buruzko azken aipamen ofiziala eta, arrazoiren batengatik, ez zuten eraiki.
‘Baleares’-ekoen omenez
Frankismoarentzat sinbolismo handikoa izan zen Baleares gurutzaontziaren hondoratzea, eta horren omenez eraiki zuten, hain justu, Pasealeku Berriko ermita. Matxitxakon 1937an Errepublikaren Gipuzkoa eta Nabarra bouen aurka borrokatu zen itsasontzi frankista zen Baleares, Errepublikaren indarrek Palos lurmuturrean (Cartagena, Espainia) 1938ko martxoaren 6an hondoratu zutena. Barrusoren lanak jasotzen duenez, ontzian zihoazen 786 pertsona hil ziren hondoratzean, tartean hainbat gipuzkoar; beste 435 lagun bizirik atera ziren.
Ermita eraiki baino lehen, 1938an bertan, mausoleo bat eraiki zuten egun Jorge Oteiza eskultorearen Eraikuntza hutsa dagoen tokian, Baleares-eko hildakoen eta, bereziki, hildako gipuzkoarren omenez: tumulu bat zen, hondoratzean zendutako gipuzkoarren izenak eta La Diputación de Guipúzcoa a los heroicos voluntarios guipuzcoanos muertos por Dios y por España en el hundimiento del crucero Baleares, 1938 zioen inskripzio bat zuena. 1940an, aldare bat eraiki zuten horren parean eta, azkenik, 1941ean, ermita.
Behin-behineko aldarea kendu, eta mausoleoaren gainean eraiki zuten 1941eko uztailaren 16an inauguratu zuten Karmengo Ama Birjinaren ermita, Karmengo egunean, hain justu. Barrusoren lanak jasotzen duenez, Gipuzkoako Aldundiko arkitektoak diseinatu zuen, itsas armadako komandante Luis Garcia Cavedaren ekimenez. Baleares-eko hildakoak ez ezik, eskuinarentzat oso sinbolikoak diren Juan de Lazcano, Blas de Lezo, Cosme Damian Churruca eta Antonio de Oquendo marinel gipuzkoarrak ere oroitzen zituen ermita berri horrek. Era berean, ermitaren aurrean zegoen Antonio Palaok 1861ean egindako Juan Sebastian Elkano itsasgizonaren estatua, Getariatik ekarri zutena; egun, Getarian dago estatua hori.
1980ko hamarkadara arte
Frankismo guztian zehar erabili zuten ermita hori 36ko gerran hildako marinel frankistak oroitzeko, eta 1980ko hamarkadaren hasierara arte egon zen zutik.
1980ko hamarkadaren hasieran, hain zuzen ere, Gipuzkoako Aldundiak proposatu zuen ermitaren esanahia aldatu eta itsasoan hildako gipuzkoar guztiak oroitzeko gune bat izatea. Proiektua ez zen inoiz gauzatu, eta ermita utzita egon zen, bota zuten arte. Azkenik, 2002an, Oteizaren eskultura jarri zuen bertan udalak, frankismoarentzat enblematikoa izan zen gunea herriarentzat enblematiko bihurtuz.