Tranbia irauliak, odola eta dinamita: Donostiako greben historia bat
Historia ez dutela izen handiek egiten jakina da oso. Langile herriak eraiki zuela Tebas eta eraiki zuela Donostia, alegia. Greba eta mota guztietako «barrabaskeriak» eginez –Kasildak esango lukeenez–, irabazi ditu bere eskubideak eta bizitzeko gaitasuna hiriko langile klaseak. Odol eta dinamita asko isuri da bizitza duina aldarrikatzeko. Aspaldiko partez antolaturiko greba egun orokorraren atarian atzera begirada bat da hau, aurrera egiteko.
Ategorrietako sarraskia gertatu eta berehala, tranbia bat irauli zuten Donostiako grebalariek Erdialdean. Kutxateka Donostia postaletarako hiri gisa imajinatu zen XIX. mendean. Argazkietan bainuetxeak eta su artifizialak eta zezenak eta jolas parkeak erakusten badira ere, beste aldean, hori guztia eraiki zuten langileak zeuden. 1813tik aurrera, bere auzoetatik etengabe kanporatua eta baldintza tamaletan bizitzera derrigortua izan zen langile herria. Beste lekuetan nola, Donostian ere, langileriak bere eskubideak irabazi behar izan ditu, greben eta borrokaldien bidez. Historiak erakusten digunez, gainera, ez bereziki ezti hitzekin. Sindikatu, alderdi iraultzaile eta auzo elkarteez osaturiko historia da hau: protagonisten izen guztiak jasotzea ezinezkoa den historia bat.
1915: esne saltzaileak greban
Hoberen jasota dagoen grebetako bat izan zen esne saltzaileek 1915ean abiatu zutena. Hiriko gobernadoreek arau berriak jarri nahi zizkieten baserritarrei, hala nola, albaitariaren ziurtagiria, esnea saltzeko bi pezetako matrikula ordaintzea eta toki zehatzetan saltzeko derrigortasuna. Gaur egundik zentzuzkoak diruditen eskaera horiek ez ziren batere ongi etorriak baserritarren artean. Garaian, ondoko herrietatik hirira esnea saltzera joateko hamar kilometroko bidea «oiñ-uts gorrian» egiten zuten, «udara ta negu, urteetan ia egunik utsegin gabe».
Hiru eguneko grebaren emaitza izan zen proposatzen ziren neurri gehienak bertan behera uztea eta lehenengo baserritarren elkartea sortzea. Egunkariek, ordea, «ekintza bandalikoak» nabarmentzen dituzte: Igeldon pinudi bati eta Astigarragako baserri baten parean belar metari su ematea, besteak beste. Greba egun haietako bertsoak egin zituen Fernando Alkainek: «Milla bederatzi eun da / amabostgarrena, / aspaldiko urtietan / degun txarrena; / auzuetatik gerra, / etexekua ez onena, / badirudi mundubak / dubela azkena; / garestitzen jana / da alperren lana; / kentzera al dana / guztiyak gugana; / erruki gutxi dago / nekazaiana».
1917ko greba iraultzailea
1916an izan zen lehenengo greba orokor bateratua. CNTk eta UGTk –garaiko sindikatu indartsuenek– antolatu zuten greba, eta Espainiako Estatu osoan izan zuen oihartzun bera izan zuen Donostian. Eguneko argazkiak jaso zituen La Voz de Guipúzcoa-k, hirian ohikoa bihurtuko zen praktika grebalari batekin: tranbia irauliak, hain zuzen.
Greba orokorra abuztuaren 13an hasi zen, Aste Nagusia hasi behar zen egun berean. Gobernadore Militarrak —Martinez Anidok, gero Bartzelonan ospe txarra hartuko zuenak— gerra egoera ezarri zuen. Gatazka abuztuaren 16an amaitu zen, eta ez zen istilu handirik gertatu. Hala ere, langile erakundeek errepresio gogorra jasan zuten. Castor Torre zinegotzi sozialista atxilotu zuten, eta Torrijos, Donostiako sozialismoaren buruzagi nagusia, Frantziara ihes egin behar izan zuen.
Hala ere, gatazkak ez zuen behera egin, eta 1920an, Donostian, ordura arte izandako istilu sozialik handienak gertatu ziren. Maiatzaren 23an, greba bat hasi zen Errenterian. Maiatzaren 25ean, langile erakundeek greba orokorrera deitu zuten, Gobernadore Zibilak Errenteriako Greba Batzordea atxilotu izanagatik protestatzeko. 1920ko maiatzaren 26an, Donostia erabat geldirik esnatu zen grebalarien ondorioz, eta zenbait istilu gertatu ziren. Tartean, Poliziak Clementa Ruiz, 32 urteko langilea, hil zuen, bost seme-alaba eta eri zen senarra utziz.
Istiluek kaleetan jarraitu zuten, eta udalak esku hartzea erabaki zuen. Alkateak, Pedro Zaraguetak, grebalarien ordezkaritza bati harrera egin zion, eta Gobernadore Zibilarekin gestioak egingo zituela agindu zien, Guardia Zibila hiriko kaleetatik kentzeko, baldin eta greba «baketsua» izateko konpromisoa hartzen bazute
Arrantzaleak ere greban
Sektoreka, ehunka izan dira hirian izandako grebak: zapatariak, arotzak, tranbia gidariak… Peoien greba izan zen 1918ko maiatzaren 28an eta San Martin kalean hainbat lehergailu jarri zituzten. Kursaala eraikitzen ari ziren 25 langile eskirolen kontra joan ziren 100 bat grebalari, eta gauzak nola ziren sasoian, lan horietako arduradunak errebolberra atera zuela, bi tiro eginez airera.
Sektoreka, ehunka izan dira hirian izandako grebak: zapatariak, arotzak, tranbia gidariak… Zerbitzariek ere greba egin zuten 1920ko abuztuan
Arrantzale eta arrain saltzaileek ehunka protesta egin dituzte Donostiako historian zehar: 1919an, Donostiako eta Pasaiako arrantzaleek lan gatazka garrantzitsu bat piztu zuten, soldaten banaketa hobetzeko. Garai hartan, arrantzaren etekinen erdia ontzien jabeei zegokien, laurden bat patroiari eta beste laurdena tripulazio osoari; hortik, arrantzale arruntek %25a jasotzen zuten. Udaberrian, arrantzaleek grebara deitu zuten portuan, portzentaje hori %27ra igotzea eskatzeko. Ontzi batzuetan, armadoreekin akordioak lortu ziren, baina beste batzuetan, jabeek, grebalarien ordez, tripulazio berriak kontratatu zituzten, eta horrek gatazka luzatu zuen.
Zerbitzariak greban, abuztu betean
1920ko abuztuaren erdian, Donostiako udako denboraldia gorenean zegoenean, hotel, kafetegi eta jatetxeetako 480 zerbitzarik lanpostuak utzi eta greba hasi zuten. Abuztuaren 16an abiatu zuten lanuztea, eta ustekabean harrapatu zuen hiria, garai hartan bainuetxe dotore eta lasai gisa aurkezten baitzen, bisitari aberatsak eta udako egonaldietara etortzen zen gortea erakartzen zituena. Hilabeteak zeramatzaten langileen eskaerak negoziatzen —soldata hobekuntzak, zortzi orduko lanaldiaren benetako aplikazioa eta kontratazioan sindikatuen kontrol handiagoa— akordiorik lortu gabe. Elkarrizketek huts egin zutenean, zerbitzariek presio zuzena egitea erabaki zuten, hiriko jarduera ekonomikoaren unerik bizienean.
Gatazka azkar zabaldu zen. Egun batetik bestera, hainbat establezimenduk zerbitzuko langileak galdu zituzten, eta jabeak zerbitzua berrantolatzera behartuak izan ziren. Hotel eta kafetegi batzuetan beste lan batzuetan aritzen ziren langileak jarri zituzten mahaien zerbitzura; beste batzuetan, esperientziarik gabeko langileak kontratatu zituzten ordezko gisa. Are, La Voz de Guipúzcoa-n Madrildik «hogei kamarero» ekarri zituztela kontatu zuten. Grebalariek salatu zuten neurri horiek «greba apurtzeko ahalegina» zirela, eta piketeak antolatu zituzten ordezko langileak lanera ez joatera konbentzitzeko. Aldi berean, agintariek gertutik jarraitu zuten egoera, udako bisitariz betetako hirian istilurik ez gertatzeko.
Hamaika eguneko gatazkaren ondoren, abuztuaren 27an amaitu zen greba, langileek ia kontzesiorik lortu gabe. Greba orokorra zabaltzeko saiakerak huts egin zuen, eta enpresariek lortu zuten udako denboraldian establezimendu gehienak irekita mantentzea. Laburra izan zen, bai, baina erakusten du ez direla turismoaren albo kalteak atzo gauekoak…
Maizterren Liga
Gauza batzuk aldatzen dira, eta beste batzuk ez horrenbeste. Langile klasearen baldintza penagarriak lantokian hasten ziren arren, bizitzaren garestitzearekin, errepresioarekin eta etxebizitza sarbidearekin okertzen ziren. Gaur bezala, duela ehun urte, laneko sindikatuez gain, etxebizitza sindikatuak edo elkar laguntza sareak sortu ziren hirian.
1914ko martxoaren 22an, Sociedad de Inquilinos elkarteak manifestazioa egin zuen alokairuen gehiegizko prezioaren aurka. Urte batzuk geroago, Liga de Inquilinos elkartea sortu zen, eta 1920ko urtarrilean, Arte Ederretako antzokian ekitaldia egin zuen. 1931ko abuztuan, berriz, Sindicato de Obreros sin Trabajo izan zen Donostiako maizter langabeak alokairu greba egitera deitu zituena. Tamalez, gaur-gaurkoz, ez dakigu zer nolako oihartzuna izan zuen greba hark.
Ategorrietako sarraskia eta “greben espezialista”
Lan baldintza kaskarrak zirela eta borroka politikoak zirela, hamaika izan ziren mende osoan zehar Pasaiako portuko langileek abiatu zituzten borrokaldiak. 1919an, portuko zamaketarien greba zela eta, Txirritak egindako Antxoko huelga bertso sorta oso ezaguna bihurtu zen, adibidez. 1931ko maiatzaren 27an izan zen Ategorrietako sarraski ezaguna: Trintxerpetik Donostiara «ogia eta askatasuna» eskatzen zuten 2.000 lagunen kontra egin zuen Guardia Zibilak, zazpi hildako eraginez, Euskal Herrian, XX. mendean izandako sarraskirik handiena. Greba eguna zen Pasaian eta Donostian, eta giroa bero egonda, are gehiago okertu zen: hiriko hainbat tranbia irauli zituzten grebalariek.
Ategorrietako borrokaldiaren arduradunetako bat izan zen Juan Astigarrabia. Berak kontatzen zuenez, kartzelan errepublikazale gisa sartu zuten 1931n eta komunista gisa atera zen. Espainiako Errepublika onartu eta biharamunean utzi zuten libre, eta azkar batean, Pasaiako arrantzaleek greba antolatu nahi zutela eta, haien sindikatuaren buru izateko eskatu zioten. 4.000 kide zituen sindikatuta. «Nolatan? Sindikatuak dauden gehienak anarkistak badira, zergatik bilatzen dute komunista bat?» Itxuraz, berarengan konfiantza zuten, «esperientzia zuela eta». Halaxe egin zuen: «Maiatzaren 1ean greba egingo dugu!». Errepublika garaiko lehenengo greba eguna.
Internazional Komunistaren aginduz, komunista orok sindikaturen batean egoteko beharra zuen. Astigarrabia Federacion Local de Sociedades Obreras izeneko sindikatuan zegoen, Parte Zaharreko Portu kalean zegoena, Primo de Riveraren diktadura garaian: «Donostia oso hiri garestia zen –eta da–, ez da harritzekoa langile masen artean ezinegona izatea», zioen. Astigarrabiak ondo irabazi zuen borrokalari fama. 1931n Calvo Sotelok Donostian mitina egin nahi zuela eta, 24 ordutan lanuzteak antolatu zituzten Donostiako ekialdean. Horrek, kartzelaz gain, ekarri zizkion buruhausteak, eta lanez lan ibili behar izan zuen, lan bat lortu eta Polizia joaten baitzen kaleratzeko aginduz: auto garbitzailea, arrantzalea, sarraila konpontzailea, arotza… denetarik izan zen. Eta tira, guztietan zer edo zer egiten zuenez, «donostiarren artean, greben espezialista» fama irabazi zuen.
1930, hamarkada iraultzailea
Ategorrietako sarraskiaren ostean, hamarkada iraultzaile eta benetan odoltsua izan zen Donostian. Mundu berri baten eraikuntzaren eta faxismoaren gorakadaren artean, pistolariz, atentatuz, torturaz eta atxiloketa masiboez josi zen hiriaren egunerokoa.
1934ko irailaren 9an, Manuel Pascual Carrion Donostiako falangisten burua tiroz hil zuten Prim kalean. Ezcurra hoteleko gerentea eta Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko presidentea, enpresari ezaguna zen. Hurrengo egunean, irailaren 10ean, falangistek Manuel Andres Casaus kazetari eta La Prensa egunkariko zuzendaria erail zuten Peña y Goñi kalean. Militante errepublikanoaren hilketak izugarrizko zirrara eragin zuen eta haren ehorzketa garai hartako Donostian izandako masa mugimendu handiena izan zen. Manuel Azaña bera joan zen hiletara.
1930eko hamarkada bereziki gogorra izan zen Donostian: Ategorrietako sarraskia, 34ko greba iraultzailea eta, azkenik, faxismoaren gerra
Handik hilabete eskasera, 1934ko urriaren 5ean, greba iraultzailea hasi zen. Asturiasen hasitako iraultzak Espainiako Estatu osoan izan zuen oihartzuna, bereziki Katalunian eta Euskal Herrian. Gurean, hain zuzen, 40 hildako, ehunka zauritu eta 1.500 lagunetik gora espetxeratu izan ziren.
Donostian, komite iraultzaile bat sortu zen eta, itxuraz, grebaren koordinazio ona egin arren, koordinazio armatua ez zen horren ona izan. Eibarren eta Arrasaten, «Errepublika Sozialista» proklamatu zen. Donostian, bi hildako izan ziren gutxienez, eta Trintxerpen zazpi; destruktore baten asaltoan. Astebete iraun zuen grebak, urriaren 12ra arte, eta astebete horretan, tiro hotsak eta leherketak hiriaren eguneroko soinu banda izan ziren.
Grebaren laugarren egunean, Tabakalerako hainbat langilek barrikadak pasatu, eta fabrikara itzuli asmo izan zuten. Alferrik: grebalariek tiro egin zieten eta! Horren ostean, greban parte hartu zuten Tabakalerako langile guztiak kaleratu omen zituzten. Arratsalde horretan, Polizia Egiako komunisten lokal batera joan zen, 39 lagun atxilotuz.
Giroa bero zegoela bistakoa da. Honako panfleto bat banatu omen zuen Alianzas Obrerasek, etsaiaren animoan eragin asmoz: «Inor ez dadila lanera itzuli! Gupidarik gabe, traidoreak hil! Ez baduzue zuek egiten, haiek egingo dute gero, tribunaletan! Hartu behar duzuena, dagoen tokitik. Komertzio handiak lapurtu eta eraman janariak zuen seme-alabeei, behar duzuen guztia!». Pasaian, tiro hotsek gau osoa irauten zuten 22:00etatik 6:00ak arte, Poliziaren eta matxinoen artean.
Urriaren 7an, grebalariek barrikada bat altxatu zuten Cemoriya hiltegiaren inguruan, Saguesen. Hain izan zen handia tiroketa, non segurtasun indarrek atzera egin behar izan zuten. Biharamunean, tiroketa izan zen berriro, bezperakoa baino handiagoa, gainera. Larri zauritu zuten Jose Leguia, 37 urteko italiar kaldereroa.
Kasilda eta emakumeak
1934ko greba hartan bertan atxilotu zuten Kasilda Hernaez militante cenetista ezaguna. Egun batzuk lehenago, pistola batzuk jasotzen ari zela libratu zen atxiloketa batez. Ordea, egun hartan, «saskiaren neskak» lehergailuak zeramatzala eta, harrapatu, eta 1936ko otsailera arte espetxeratu zuten. Hernaezek agerian uzten du, gizonen parte hartzea nagusia bazen ere, emakumeak han zeudela, askotan, lehen lerroetan.
«Greba bat gertatzen zen bakoitzean —ordurako bazeuden emakumeek soilik lan egiten zuten tailerrak, gizonek baino askoz gutxiago ordaintzen zitzaielako—, gu han egoten ginen. Nagusien artean sexismo handia zegoen. Tailer horietan ez zeuden soilik neska gazteak; hainbat seme-alaba zituzten amak ere bazeuden, soldata baxuekin lan egitera behartuak, haiek mantentzeko». Lehen aldiz, hain zuzen, gerora Kortxoenea izango zen eraikinean zegoen kortxo fabrikan egiten ari ziren «grebatxo» batean atxilotu zuten, kortxo multzo bati su emateagatik.
Frankismo gogorreko grebak
Gerra etorri zen 1936an, eta, uztailaren 28an, Donostiako langileriaren indarrari esker, Loiolako kuartelak errenditu ziren arren, irailaren 13an, tropa faxistak hirira sartu, eta izugarrizko errepresioa ezarri zuten. Donostiaren tradizio ezkertiar eta iraultzailea betirako aldatu zuen horrek.
Frankismoan, beraz, debekatuta geratu zen greba eskubidea. Defentsa Nazionaleko Juntak bandoa jarri zuen 1936ko uztailaren 28an, iragarriz «errebelde» gisa hartuko zuela «lanerako askatasuna hertsatuko» lukeen inor. Handik eta hemendik greba txikiak egin ziren arren, 1946ra arte ez zen greba orokorrik izan. Ziklo berri bat hasita, 1951ko apirilaren 23an eta 24ean, 48 orduko greba egin zen Euskal Herrian, izugarrizko jarraipenarekin. Honelaxe zioen Donostian banaturiko panfleto batek: «Gure jornala bizi-kostuarekin alderatuta oso miserablea da. Ezin dugu geure burua elikatu. Gure emakumeek eta gure seme-alabek gosea dute […] Ez dugu janzteko arroparik. Oinarrizkoena ere falta zaigu. Bizitza maila duin bat lortzea eragozten digute […] Entzunak izan gaitezen lortzeko modu bakarra, gure larritasun oihua entzunarazteko bide bakarra, grebara jotzea da».
Donostian, Tabakalera, Suchard, Jabones Lizarriturri eta Cementos Rezolako langileak kalera atera ziren. Greban izandako istilu eta atxilotuekin elkartasunez, 26an, lanuzteak antolatu zituzten eta hainbat enpresatan esku hartu zuen erregimenak. Hala nola Zitran, Valverde, Ortiz Acellan eta Lasa y Louit enpresetan, eta Donostiako Aurrezki Kutxako gerentea kargutik kendu zuten. Egun horietan, hiri «setiatua» izan zen Donostia, «bertako kaleetan indar polizialak besterik ez» zebiltzala jasotzen da garaiko prentsan.
1966ko Maiatzaren Lehenean, manifestazioak antolatu ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostian, Bulebarreko manifestazioa indarrez disolbatu zuen Poliziak, Alderdi Eder eta Parte Zaharrean barrena sakabanatuz manifestariak, langile klasearen aldeko oihuak botatzen zituzten bitartean. Hogei bat lagun atxilotu zituzten. Giroa ez zen samurra. Hiru urte lehenagoko Maiatzaren 1ean, «ehunka faxistek istiluak eragin zituzten Alianza Sindicalen manifestazioan, borrak eta kateak erabiliz, Poliziari lagunduz», Euskal Memoriak jasotzen duenez.
Greba politikoak
1976an, gatazka bizi-bizi zegoen. Franco hil berritan, esperantza iraultzaileek Euskal Herriko langileria borrokara batu zuten. Lasarteko Michelin eta Pasaiako Luzuriagan, adibidez, greba luzeek Donostiako langileria interpelatu zuten [datorren asteko astekarian jasoko dugu Michelingo greba]. Gasteizko martxoaren 3ko erailketek ere greba eguna ekarri zuten Donostiara, martxoaren 8an. Honela jasotzen zuen La Voz de España-k: «Un absentismo laboral casi generalizado». 250.000 langile aktibotatik, 170.000k egin zuten, prentsaren arabera. Gatazka gutxi batzuk izan ziren, gazteak «karrerak egiteko» prest jantzita zirela eta… 30 bat lagun atxilotu zituzten, baina ia erabatekoa izan greba Donostian, gauean taberna bakarren bat soilik irekita zegoela azaltzen du prentsak.
1976tik 1979ra protesta ugari izan zen hirian,
tartean, poliziaren
indarkeriaren kontrako
hainbat greba
1978ko sanferminetan, Iruñean, Espainiako Poliziak LKI alderdiko kide German Rodriguez erail ondoren, greba orokorrerako deia egin zuten baita ere, eta, Donostian, Aldapeta kaleko istiluetan zegoela, Polizia Armatuak tiro eginda, bala batek Joseba Barandiaran, 19 urteko gaztea, hil zuen. Honek, ostera, greba eta protesta gehiago ekarri zituen: «Odol eta tentsio egunak Donostian», zioen egunkariak biharamunean. Hurrengo urtean, Gladys del Estal hil eta bi egunera egin zen greba gogorra Donostian –Nafarroan, bi egunekoa–, hiri osoa itxiz, gatazka gogorrekin.
Hortik aurrera, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan, heriotzak zirela, presoen egoera zela… Ezker abertzaleak, batez ere, hamaika greba orokor eta paro egun antolatu zituen. Azkenekoak, Igor Angulo eta Roberto Sainz euskal presoen heriotzak (2006ko otsailaren 27an eta martxoaren 3an, hurrenez hurren) ekarri zuen greba eguna eta 2008ko otsailaren 14ean, EAE-ANV erakunde historikoaren legez kanporatzearen kontrakoa. Hau izan zen ezker abertzaleak, berak bakarrik, antolatutako azken greba eguna, ilegalizazio eta errepresio handia zegoen garaian. Traba guztiekin ere, 4.000 bat lagun mobilizatu ziren Donostian.
Greba ziklo berria
2007ko krisi ekonomikoak eta horrek ekarritako berregituraketa kapitalistak –Europako hegoaldeko murrizketen olatuarekin– azkenaldian izan ez zen greba orokorren olatu berri bat ekarri zuen. Espainian, urteak ziren greba orokorrik ez zela, baina Euskal Herrian ere, arrazoi ekonomikoengatik antolaturiko greba orokorretara joateko, 1990eko hamarkadara egin behar zen atzera.
Honela, 2009ko maiatzaren 21ean, 2010eko ekainaren 29an, 2011ko urtarrilaren 27an, 2012ko martxoaren 29an eta irailaren 26ean eta 2013ko maiatzaren 30ean, greba arrakastatsuak izan ziren Euskal Herri osoan, «gehiengo sindikal» gisa ezagutu zenak antolatuta: ELA, LAB, EHNE, Hiru, Steilas, ESK eta CNT, besteak beste. CCOOk eta UGTk Espainian mailan antolaturikoak zirenak babestu zituen soilik. Joan den mendeko grebekin alderatuta, gatazka mailak nabarmen egin zuen behera, baina, milaka eta milaka izan ziren kalera atera ziren langileak.

Greba feminista orokorreko ekintza ikusgarrienetako bat aldundiaren egoitzan kateatu zirenekoa izan zen.Joseba Parron San Sebastian
Murrizketen kontrako borrokaldi honek, XXI. mendearen hasiera definitu duen beste borroka ziklo bat ireki zuen: greba feministena. Argentinan, 2017ko martxoaren 8an, emakumeen lehenengo greba egin zuten, zeinetan, soldatapeko lanei ez ezik, zaintza lanei ere greba egitera deitu zieten. Euskal Herrian, arrakasta izugarriz, 2018ko eta 2019ko Martxoaren 8ak greba egun indartsuak izan ziren; mugimendu feministarentzat inflexio puntu bat.
COVID19aren krisia etorri zen gero, eta horrekin, zaintza erdigunean jartzeko beharrarekin, lehenengo greba feminista orokorra antolatu zen 2024ean, kopuruetan horren handia izan ez bazen ere, kualitatiboki oso esanguratsua izan zena. Iaz ere, paroak antolatu ziren Palestinaren alde, urriaren 15ean, milaka eta milaka lagun ateraz kaleetara.
Horiek eta beste hamaika greba izan dira. Eta izango dira ,etorkizun ilunaren aurrean, soilik ondo antolatutako herriak lortzen dituelako borrokatzen dituen helburuak. Eta elkartasunak. Eta denoi gustatzen bazaigu Mikel Laboaren Txoria, txori, denok abestu dezakegulako hau ere: «Ez da garaia “sekula” hitzik esateko / zama-aroak iraungo baitu / guk egozten ez dugulako».





