Euripean, etorkizuna landatzen
Sustraiak botatzeko lur ona, eta hazteko, eguzkia eta ura behar dute landareek. Hirutik bi badituzte goizean Miramonen landatutako 80 adaxkek. Eguzki egunak helduko dira, baina udaberriaren atarian, neguko egun beltza egokitu da gaur. Ura nahi beste izan dute etorkizuneko zuhaitzek, landatu dituztenentzat, akaso, gehiegi, hori bai.
Partaide "gogotsu eta ausartenak" izan ditu IRUTXULOKO HITZAk eta Haritzaldek antolatutako jarduerakAndrea Bosch Alfaro Sustraiak botatzeko lur ona, eta hazteko, eguzkia eta ura behar dute landareek. Hirutik bi badituzte goizean Miramonen landatutako 80 adaxkek. Eguzki egunak helduko dira, baina udaberriaren atarian, neguko egun beltza egokitu da gaur. Ura nahi beste izan dute etorkizuneko zuhaitzek, landatu dituztenentzat, akaso, gehiegi, hori bai. Edonola, halakoekin bestelako haziak ere ereiten dira eta lurra emankorra bada, fruitu ematera irits daitezke. Naturarekiko maitasuna eta zaintza ureztatu dute gaur partaideek, eta noizean behin etxeko goxotasuna utzi eta ezeroso egoteko ahalegin txikiak merezi duela gogoratu dute ere.
Gunea udalak basotu nahi duela eta, zuhaitz landaketa bertan egitea erabaki dute IRUTXULOKO HITZAk eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Hirugarrenez, elkarlanean antolatu dute jarduera. Kalera irten edo leihotik begiratu duen edonork badaki zer nolako euri jasa izan den goizeko bederatzien bueltan. Ordubete falta zela aurrera jarraitu, atzeratu, erdi bideko zerbait egin edo bertan behera utzi deliberatu ondoren, zirt edo zart, Haritzaldeko Eli Azpillagaren baikortasunari heldu eta gauzatzea erabaki dute. “Euriak ez gaitu kikildu behar!”.
Karpa jarri, mahaiak prestatu, materiala atera… Xabier Rubio kideak eremua mugatu du, eta dena gertu zela, zain gelditu dira ordua heldu arte. Kezka nagusia, zenbait partaide agertuko ziren zen. 70 lagunek izena eman dute aurten. Data hurbildu ahala, 57k baieztatu dute parte hartzea, baina eguraldi kaskarra eta bestelakoak tarteko, Miramon pasealekuko orubera 35 bat bertaratu dira. Gehienak, haur txikiak zituzten familiak izan dira.
Ausart eta gogotsu
IRUTXULOKO HITZAko sustapen arduradun Andrea Bosch Alfarok agurtu ditu eta ahalegina eskertu die, aterpe bila karpa azpira joan direnean. Taldetxoa osatu denean, Rubiok azalpenei ekin die; une horretan, ordea, gogor erori da euria eta kosta egiten zen bere hitzak entzutea tantonek oihal gainean jotzean egindako zaratagatik. Laguntzaile “gogotsu eta ausartenei” kontatu die Haritzaldek 1991etik lanean diharduela naturaren kontserbazioan eta sentsibilizazioan, eta halako zuhaitz landaketak garrantzitsuak direla, ez soilik klima aldaketari dagokionean, baita biodibertsitateari eta animaliei dagokienean ere.
Ondoren, ekarritako zuhaitz adaxkei buruz hitz egin die. Baso misto atlantikoa osatu nahi dutenez, askotariko espezieak hartzea da helburua. Hala, haritza kanduduna (quercus robur) izan da espezie nagusia, haietako hogei landatu dituzte, eta laguntzeko, hamarna lizar (fraxinus excelsior), gereziondo (prunus avium), astigar txiki (hacer campestre) eta otsolizar (sorbus aucuparia). Baita fruitudun zuhaitzak ere, bosna basa gurbe (sorbs torminalis), basa udareondo (pirus syvestris), baso sagarrondo (malus silvestris) eta elorri zuri (crataegus mongyna). Azken hauen haziak txoriek jaten dituzte eta zabaltzen laguntzen dute.
Zuloa, putzu
Prestaketan zebiltzala bizilagunetako bat etxetik irten eta karpara bertaratu da, zertan zebiltzan galdetzera. Zuhaitz landaketaren berri eman diote. Etxera bueltatu eta eurirako aproposagoa zen zira soinean bueltatu da. “Ideia zoragarria iruditzen zait eta horregatik animatu naiz”, egindako zuloa putzu bilakatu izanak zeregina zailtzen ziola aitortu aurretik.
Bere kabuz aritu da Antiguako Ainara ere. Senarra eta bi seme-alabekin etortzekoa zen, baina hiru kideek kale egin diote, etxeko epelean gelditzea nahiago izan baitute. Botanikaria da, baina orain arte zuhaitzik landatzeko aukerarik izan ez duela azaldu du. Ilusioa zuen eta asmoari eutsi dio. “Bizitzako hiru eginbeharretako azkena dut hau: haurra eta liburua egin ditut”. Umoretsu eta gogoz aritu da aitzurrarekin, gerrialde minberatua bazuen ere.
Aitzurrekin lurra zulatzen, putzu artean eta lokatzetan ibili dira denak, gustura. Ordubete luzean eremua betea zuten eta babes hartzen joan dira berriro ere karpa azpira. Hirukote batek, ordea, Rubio eta Azpillagarekin batera lanean jarraitu dute, ondoko belargune batean falta ziren azken adaxkak landatzen. Batzuk haiei begira zeuden aterpetik, beste batzuek, berriz, kartoizko hiru kutxa karratu begiz jota zituzten. Irrikaz zain egon dira haurrak, noiz zabalduko ote zituzten. Itxaronaldiak merezi izan die, Egiako Kaktus tabernako Aitorrek maisuki prestatutako patata tortillaz gozatu baitute, haren goxotasunari buruzko hitzen artean.
Jarraian, Andrea Bosch Alfarok jardueran ateratako argazkiak:
