Txuri Urdinek balentria egin du Puigcerda kanporatuta
Jacaren kontra jokatuko dute liga titulua eskuratzeko finala. Realeko belar hockey taldeak eta Gipuzkoa Basketek galdu egin dute, Bera Berak irabazi, eta Realeko futbol taldeek galdu eta irabazi.
Txuri Urdineko mutilak finalerako sailkapena ospatzen, Puigcerdan.Txuri Urdin Sei urte geroago, Txuri Urdineko mutilek liga irabazteko aukera izango dute. Puigcerdan jokaturiko bosgarren eta partida erabakigarria irabazi zuten larunbatean (2-7). Gogoratu behar da talde kataluniarra izan zela ligako fase erregularreko txapelduna, eta donostiarrek laugarren tokian bukatu zuten. Ordea, kanporaketa sistemak mesede egin diela esan daiteke, liga eskuratzeko final erabakigarria jokatuko dutelako. Jaca izango dute aurrez aurre, arerio historikoa. Puigcerda gainditzeko gai izan badira, Aragoiko taldea ere menderatu dezakete.
Belar hockeyan, Realak ez du nahi zuen moduan berrartu liga. Aurkari okerrena zuten horretarako, Club de Campo liderra. Zubietan jokatu arren, madrildarren kontra galdu zuten (2-5). Oraindik jardunaldien erdiak dituzte aurretik erregulartasuna, eta, batez ere, garaipenak lortzeko.
Eskubaloian, Bera Berak gol bakarreko aldearekin menderatu zuen Elda, Gaska kiroldegian (26-25). Garaipen horri esker, lidergoa gertuago dute donostiarrek. Sailkapeneko bigarren tokian daude donostiarrak, eta puntu bakarrera dute Kanaria Handia. Aldiz, atzean utzi dituzte, momentuz, Malaga eta Atletico Guardes.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketekek espero ez zuen porrota jasan zuen Oviedoren pistan (90-71). Bolada oso onek ere bukaera dute, eta horrela gertatu zitzaien donostiarrei. Horrela ere, ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko aukerak bere horretan jarraitzen dute.
Futbolean, Realeko neskek ezin izan zuen Real Madrilen eta epailearen kontra, Zubietan jokaturiko partida garrantzitsuan (0-3). Sailkapeneko bigarren postura igotzeko aukera ona zen txuri-urdinentzat, baina neurketa ez zen esperotakoa izan. Penalti eta txartel gorri batek baldintzatu zuen dena, eta hainbestean aritu ziren. Horrela ere, hirugarren tokiari eusteko puntuak eta konfiantza mantentzen dute. Realeko mutilek, berriz, beste euskal derbi bat irabazi zuten Anoetan, Osasunaren kontra (3-1). Txuri-urdinek sasoi honetan gorritxoen kontra jokaturiko guztia irabazi dute, eta badirudi neurria hartu dietela. Hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituzten Europako postuetatik gertu kokatu, eta jaitsierakoak urruntzeko.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finalerdiak
- Bosgarren partida: Puigcerda 2 – Txuri Urdin 7
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Reala 2 – Club de Campo 5
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Bera Bera 26 – Elda 25
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 25. jardunaldia
- Oviedo 90 – Gipuzkoa Basket 71
Futbola
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala 0 – Real Madril 3
Gizonezkoen liga, 28. jardunaldia
- Reala 3 – Osasuna 1
