Milaka langilek kaleak hartu dituzte Donostian
Milaka izan dira, gaur, goizean zehar, euskal gehiengo sindikalak antolatutako manifestaziora batu diren grebalariak. Manifestazio orokorrera batu diren hiru zutabeak Anoetatik, Norteko geltokitik eta Antiguako tuneletik abiatu dira 11:30ean, eta Erdialdean elkartu dira denak, Bulebarrera joateko. Bertan izan da ekitaldi ofiziala.
Kalera atera dira milaka grebalari, hirian zehar.Joseba Parron San Sebastian Komertzio txiki asko irekita zeuden arren, “arrakasta” gisa ikusten dute sindikatuek gaurko mobilizazio eguna. Manifestazioa ikustea besterik ez dago. Hitzartzeak bukatuta, oraindik iristeke zegoen manifestazioaren amaiera Bulebarrera; milaka izan baitira, gaur, euskal gehiengo sindikalak antolatutako manifestaziora batu diren langileak.
LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek antolatua, hiru zutabetako bi elkartu dira Pio XIIaren plazan, Tabakaleratik eta Anoetatik abiatutakoak. Hiruren oihal gorria muturrean zuen kamio bat buruan jarrita, manifestazio jendetsuak Amarako eta Erdialdeko kaleak igaro ditu, giro lasaian, irekita zegoen komertzioren batekin eztabaida bat edo beste izan den arren. “Gora langileon borroka”, “hemen lan egin, hemen erabaki” eta “gaur greba orokorra” izan dira, besteak beste, grebalariek oihu egindako leloak.
Urdaneta eta Urbieta kaleen arteko kantoian, pentsiodunen plataformako kideak zain zituzten. Kamioiaren gidariak klaxona jo du, eta pankarta gerturatu ahala, elkarri txalo egin diote: pentsiodunek manifestazioko kideei, eta alderantziz. Aurrera jarraitu dute, eta beren aldarrikapena zuen pankartari helduta batu dira pentsiodunak. Handik ez oso urruti zain zegoen Antiguako zutabea. Txalo artean agurtu diote elkarri hauek ere, eta Bulebarrera arteko zatiari ekin diote, multzo bakarra osatuta eta Askatasunaren hiribideko errepidearen bi erreiak hartuta.
Gutxieneko soldataz gain, prekaritatea salatzeko ere baliatu dute mobilizazioa zenbait taldek. Erregina Erregentearen kalearen hasieran, DOPAko kideek Osasun publikoaren defentsan jarri duten pankarta topatu dute. Aurrerago, Zubietako erraustegiaren langileek jarritakoa zegoen, eta Indar-Ingeteameko enpresa batzordeko kideek bidea egin dute beraiena eskuetan zutela.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hedabide honi azaldu dionez, arrakastatsua izan da eguna, eta datu ofizialen zain, uste du “langile klaseak ulertu duela greba honen beharra”. Gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko “bide guztiak” jorratu ostean iritsi da greba hau: “Negoziazio kolektiboari uko egin diote, eta baita Lege Proposamen bati ere. Greba honi esker lortuko dugu gutxieneko soldata igotzeko borrokan aurrerapausoa ematea”.
LABek uste du gaurko greba orokorraren bidez, “euskal sindikalismoak historian beste orri bat idatzi” dela eta konpromisoa berretsi dute “langile guztien eta bizi baldintzen alde borrokatzeko, olatu erreakzionarioari bidea ixteko eta Euskal Herriaren burujabetzari eta eraldaketa sozialari bultzada emateko”. Sindikatuek ziurtatu dutenez, gaurko greba eguna “sektore prekarizatuenen aldeko” eguna da: “Ezin da Euskal Herrian bizi 1.200 euroko soldatarekin”. Soldata baxuenak “emakumeek eta migratzaileek” dituztela ziurtatu dute gainera.
Euskal Herri osoko jarraipena
Greba jarraipen “oso zabala” izan da industrian sindikatuek bidalitako oharraren arabera: “Ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan”. Gipuzkoan “ia erabatekoa” dela ziurtatu dute: KSB ITur, Inda Taldea, Elmubas, Korta, Mendiaraz, Corrugados, Natra, Garay, Elay, Tesa, Yurrita, Arcelor Bergara, Ikankonitrek, CIE Legazpi, GKN, Indar, Hine, CAF Irun eta Beasain, Niessen, Lau lagun, Ubis, Mendiola, Ahlstrom, ITV zerbitzuak, Biele Azpeitia, Guerra Hnos Beasain, ABC Eibar, JMA, Indaux; kooperatibetan ere, langileek hala erabakita itxi egin dute honako kooperatibek: Irizar, Orona, Fagor Electronica, Ulma Embedded, Ampo….
Hezkuntzari dagokionez, “ia erabatekoa” izan dela ziurtatu dute sindikatuek, eta, ordea, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, eta “ikastetxe publikoetako zuzendaritzek bidalitako datuen arabera”, 12:30ean grebaren jarraipena %49koa da.
Administrazio publikoan, Gipuzkoan, hamarnaka udaletxetan geldialdia ia erabatekoa izan arren, Donostiako Udal Gobernuak ez du grebarekin bat egin eta Jon Insaustik ohiko Tokiko Gobernu Batzarreko prentsaurrekoa eskaini du.
Hemen duzue irudi bilduma osoa:
