Herrerako tren geltokiko igogailua udarako martxan egongo dela dio udalak
Urtebete baino gehiago darama geldirik, eta auzotarrek denbora daramate irtenbide bat emateko eskatzen arduradunei.
Herrerako tren geltokia.Donostiako Udala Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Renfe dagoeneko hasi da Herrerako tren geltokiko igogailua —Zardoya aldekoa— martxan jartzeko lanak egiten. Epeari dagokionez, bi hilabete barru gutxi gorabehera egongo da erabilgarri. Gogoratu behar da urtebete luze daramala geldirik, eta horrek auzotarrak nabarmen kaltetu ditu. Hainbatetan eskatu diote udalari eta Adifi igogailua konpontzeko, baina ez dute erantzunik jaso.
Orain, badirudi igogailuaren arazoa konponduko dutela. “Lan horiek geltokiari lotutako erabilera publikoko elementuak udalari laga aurreko prozesuaren barruan sartzen dira”, zehaztu dute udaleko iturriek. “Esku hartzea igogailua konpontze hutsetik harago doa, eta geltokiaren inguruan dauden akatsak hobetzeko eta konpontzeko hainbat jarduketa biltzen ditu, horietako batzuk dagoeneko eginak”, gaineratu dute.
Igogailua konpondu eta doitzeaz gain, Adif eskaileretan, pasabideetan, argiztapen elementuetan, estalduretan eta barandetan konponketak egiten ari dela dio udalak. “Era berean, udal langileek eta trenbide operadoreak elkarrekin egindako bisita teknikoan antzemandako hainbat kalte ere zuzentzen ari dira”, azaldu dute.
Lanak amaitu ondoren, udalak instalazioen funtzionamendu egokia egiaztatuko du lagapena formalizatu aurretik. Une horretatik aurrera, erabilera publikoko elementuen kontserbazioaz, mantentze lanez eta funtzionamenduaz arduratuko da; aldiz, trenbide administratzaileak jarraituko du egiturazko eta trenbide azpiegituretako erantzukizunak bere gain hartzen.


