Altxa burua
Hiru gizon, Kontxako barandan.Joseba Parron San Sebastian Pantailak eta adina. Nahi adina pantaila? Sei urteko alabari galdetu berri diote ea pantailen aurrean zenbat denbora pasatzen duen. Telebista baino ez du ikusten, eta ez egunero. Sakelakoari oso zeharka erreparatzen dio, bideojokoak momentuz ez ditu gustuko, eta pantailadun beste gailurik ez du erabiltzen. Pediatrak harridura aurpegia jarri arren, sinetsi zuela esango nuke. Dena dela, begi bistakoa da gero eta arduratuago daudela, osasunerako kaltegarria delako. Ikastolan maiz jartzen diete Altxa burua abestia, eta ez da kasualitatea izango.
Berrogeialdiari urte bat gehituta hasten dira mediku azterketetan tentsio okularra neurtzen. Horrela egokitu berri zait, baina begi ona edo onak ditudala berretsi didate. Bistan da ez dudala betaurrekorik behar. Ordea, pantailen inguruan galdetuta, begia okertu behar izan nuen. Hau da, burua maizago altxatu beharko nuke pantailatik ondokoari, aurrekoari eta, oro har, inguruari begiratzeko.
Bista onari zor, Kontxako hondartza parera iristean, patrikan geratu ohi da nire sakelakoa. Gustuko dut itsasoari begiratzea, hiru zuloei, bestelako marko horri. Suterik balego, itsasoari begira jarraituko nuke, baina sekula ez nuke burua jaitsi, sakelakoa atera eta begiak hari iltzatuko. Beraz, altxa burua, zeruan bada zer esploratu, pantailatik askatu!


