Ametzagañako jai «'propiyuak'» udaberriari ongietorria emateko
Bihar, 11:00etatik aurrera, Egiako Ametzagaña kaleko tabernen ekimenez, kolorez eta festaz jantziko da kalea, udaberria behar bezala ospatzeko.
Betsy Trejo, Nagore Fachado eta Nagore Cid, Udaberrifestaren hiru antolatzaileak.Xalba Ramirez Gogoko aldapan, nekerik ez. Ezin hobeto laburtzen du Ametzagaña kalean bihar izango den jaialdiak. Kaleko hiru emakume geldiezinek antolatu zuten iaz, lehenengo aldiz, eta aurten, bigarrenez. Nagore Fachado (Sustrai krepetegia), Nagore Cid (orain arte, Beti Bogako tabernaria) eta Betsy Trejo (Doña Chepina) dira Egian udaberriari ongietorria emateko festaren antolatzaileak.
Doña Chepinako Betsy Trejo afaltzera joan zen Sustrai Krepetegira, eta bertako jabea den Fachadori esan zion: «Zerbait egin behar dugu kalean. Telefonoa eskatu diet guztiei». Hurrengo egunean, Cid joan zen, bera ere ideia berarekin Sustraira. Fachadok ezin sinistu: «Betsyk atzo, zuk gaur… ba, egin beharko dugu!». Esan eta egin: hilabete batean antolatu zuten lehenengo Udaberrifesta. «Esan genuen: uda ostean Porrontxoak dira… guk udaberria ospatuko dugu». «Udaberria 20an hasiko da eta guk 21ean egingo dugu festa. Ezin hobeto geratu zaigu izena: Udaberrifest!». Horrekin, kaleak apainduko dituzte: loreak, puxikak eta denetarik. Kalea «koloretsu» geratzea da helburua.
Trejo ezaguna da auzoan. Doña Chepina jatetxe mexikarra ireki zuen, duela bizpahiru urte. «Niri beti esaten zidaten ez irekitzeko Ametzagañan, jendea ez dela kale horretan ibiltzen eta nik zer dakit zer. Eta nire esperientzia kontrakoa da: oso-oso ondo hartu nau kale honek!». Ez alferrik: hiru jatetxe ditu jada. «Chepinagaina» kalea izango da laster, diote, barre artean. «Jendeak ez du ulertzen zergatik nahi dudan hemen jarraitu. Ba, nik izugarrizko maitasuna diot kale honi».
Hirurak bat datoz irakurketarekin: «Beti Bogako balkoitxotik begiratu… eta Ametzagañako kalea hain hutsik beti, eta Karmengo Ama beti jendez gainezka», ikusten zuen Cidek. «Taberna eta elkarteak bai, baina ez dago komertzio askorik, horregatik egoten da hain hutsik», dio Fachadok. «Bizipoza» apur bat ekartzeko asmotan antolatu zuten festa hau, beraz.
Tabernen artean harremana oso ona izateak asko lagundu du: «Beti Boga hartu genuenean, Nagore [Fachado] etorri zen berehala, laguntza eskaintzen… Eta hor gaude bi Nagoreak!», dio Cidek, barrez. Festa honen helburua bada ostalaritzari bizitza apur bat gehiago ematea. Baina hortik haratago, kalean dauden elkarte eta eragileei ikusgarritasuna eman nahi diote: «Eihera, Ongi Etorri Eskolara, abokatuak, Irutxuloko Hitza… Bizitza handia duen kale bat da!».
Gordegia eta Poetry Attack
Hiruen artean antolatu dute guztia. Ez da lan zailena izan: Fachadok izugarrizko harremana du inguruko komertzio guztiekin, eta ia denek egin dute ekarpen txikiren bat. Apal dendako Jexux Romerok, adibidez, pozik hartu zuen: «Ametzagaña kaleko jai propiyuak».
Aurten, 11:00etan hasiko da egitaraua kale apainketa, ostean, txupinazoa botatzeko. «Urtez urte hobetzea da asmoa, ea etorkizunean jendeak bere dekorazioa egiten duen». Kata taberna gainean bizi den Nagore Aranbururekin hitz egitea falta zaiela aitortu dute. Ezaguna da Aranburu bere balkoia dekoratzen duelako jai guztietan. 2024ko Inauterietako Urrezko Sardina eman zion udalak horregatik. «Udaberriaren etorrera ospatzen du berak ere», diote barre artean.
Laguntzaile berezien artean dago Gordegia. Iaz, laguntza eskaini zuten argazki zaharrak jarrita, eta aurten ere auzoko argazki zaharrak jarriko dituzte kale osoan zehar. Poetry Attack taldea da beste gonbidatu berezietako bat. Beti Bogan, lehen, eta Bukowskin, orain, erroturik dagoen poesia mikrofono ireki taldea da Poetry Attack, Donostiako eta ingurunetako poeta errebeldeak batzen dituen kolektiboa. Ikuskizuna eskainiko dute Udaberrifestean, baina, ez espero ohiko emanaldirik. «Goxonela parean dagoen parketxo horretan egingo dute. Ze ordutan? Ez dakigu, hori da Poetryren xarma; sorpresa bat egingo dutela», diote. Parketxo hori «berezia» da.
Aitor Ikastola da hirugarren laguntzaile berezia: «Iaz, DJa Bukowskin izan behar izan zen. Baina, aurten, bai edo bai nahi genuen Ametzagañan izan zedin. Kale honetan ez dugu inolako plazarik ez ezer, eta beraz, Aitorreko patioan egingo dugu». Tramiteak biderkatu egin dira, Eusko Jaurlaritzari baimenak eskatu behar izan dizkiotelako, baina baiezkoa dutenez, 18:00etan izango da kontzertua. Kale guztia batuta, Parrokia falta dela nabarmendu dute. «Eta ez pentsa, batzuek komentatu didate!» dio, barrez, Fachadok: «Aurrerago ,agian!».
Etorkizuneko jaiak
Porrontxo jaiak, sortu zirenean, Arrano elkartearen festak ziren. Ur zaleak-ek ere bere jai propioak antolatzen zituen: Madalenak. Eta Baztan kalean ere egiten ziren… «Eta Deba Ibaia kalean», dio Fachadok. 1970eko hamarkadan behintzat feriak eta sokamuturrak antolatzen ziren. Fachadok oroitzen duenez, Madalenak ziren txikitako auzoko jai gogokoenak, feriak jartzen zituztelako.
Norabide horretan doazen galdetuta, hiruek argi dute, barre artean: «Ederra litzateke! Oraingoz, bigarren urtea besterik ez da, baina hiru terremoto bildu gara hemen… Edozer atera daiteke!». Hirurak bat datoz, ez dago motibazioa baino indar handiagorik. Eta ez hori soilik. Cidek honela laburtzen du: «Egian badago zerbait berezia. Auzo honetan zerbait eskatzen baduzu, jendea parte hartzeko prest dago»



