Astelehenean hasiko dituzte Arrandegi eraikineko birmoldatze lanak
Ane Oiarbide zinegotziak lanen berri eman du eraikinean bertan.Maitane Aldanondo Bretxaren eraldaketak urrats berri bat egitear da. Izan ere, astelehenean, hilak 23, hasiko dituzte Arrandegi eraikinaren birmoldatze lanak. Zehazki, beheko solairua merkatu bilakatzeari ekingo diote, alegia, egun sotoan dauden 23 handizkariak —harategi, arrandegi eta bestelako postuak— eta plazan dauden baserritarrak kokatuko dituzten eremua. Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute, beraz, urrian-azaroan amaitzea espero dute eta merkatu berria urte amaieran martxan egotea. Lanen kostua 10,2 milioi eurokoa da (BEZa barne).
Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oiarbidek azaldu duenez, lehenengo fasean, lanak obraren ezarpenean eta espazioaren egokitzapenean oinarrituko dira. Lehenengo egunetan, merkatuko sarrera nagusia eta fatxada hesituko dituzte, inguruko kaleetarako sarbideak antolatuko dira eta hondakinak kudeatzeko beharrezko elementuak instalatuko dira. Aldi berean, merkatuko eta sotoko operadoreekin koordinazio lanak jarriko dira abian, obrek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.
Ingurua itxita eta materialak bilduta, egitura lanak egingo dituzte, besteak beste, eskailerak, barne banaketak, igogailuentzako hutsuneak eta karga jasogailuak egingo dituzte, eta merkataritza guneak eratuko dituzte. Kokapen berriak baserritarren haserrea eragin bazuen ere, Oiarbideren esanetan, oraingoz inork ez dio uko egin barrura sartzeari, eta berretsi du “barruan egoteak zentzu handiagoa ematen dio azoka tradizionalari, baldintza hobeagoetan lan egingo dute eta plaza bera gune gisa hobetuko da”.
Hainbat fase
Beheko solairua egokitzeaz gain, proiektuak hainbat lan fase ditu, multzoa pixkanaka eraldatzeko eta Bretxako plaza herritarrei itzultzeko. Lehenik, kristalezko sarbide berrian jardungo du, egungo sarrera den tupper izeneko egitura ordezkatuko duena. Sarrera berri hau udan erabili ahal izango da eta eraikina gimnasioarekin, Lidl lokala izango denarekin eta Bulebarreko aparkalekurako korridorearekin lotuko du. Ondoren, plaza estali eta berriro urbanizatuko da, kioskoak birkokatuz, argiztapena hobetuz eta hiri loturak berrituz. Azkenik, sotoa Lidl supermerkatua birkokatzeko erabiliko da, eta upeltegiak, zerbitzuak eta merkaturako instalazio orokorrak izango ditu, baita zamalanetarako sarbide berria ere Iñigo kaletik.
Arrandegiko eraikin berrituaren sotoko solairuan, logistika gune berriak eta zenbait zerbitzu izango dira, hala nola biltegiak eta lantegiak. Goiko solairuan, berriz, merkatuari berari lotutako jarduera, programa eta zerbitzuetarako erabiliko den goiko solairu batekin lotuta egongo da, espazio dinamikoa eta herritarrei irekia sortuz. Jarduera motari buruz galdetuta, Oiarbidek zehaztu du beheko solairuko produktua”balioetsi” behar duela eta “formakuntzari, hitzaldiei, lan mundura sarbideari eta belaunaldi arteko erreleboari lotua”. Aukera espazioa” gauzatzeko proiektu idazten ari dira eta onartu ondoren, obra lizitatuko dute. Eraikin berrituak lau sarbide izango ditu, Bretxa plazatik eta Aldamar, San Juan eta Iñigo kaleetatik bana.
“Proiektu konplexua da, lan handia eta zorrotza eskatzen duena; baina urrats sendoz doa aurrera, ibilbide orri argi batekin, eta espazio historiko horren berreskurapen integralarekin amaituko da”. 2027an zehar erabat amaituta egotea aurreikusi du Oiarbidek. Hurrengo pausoa, esan bezala, astelehenean emango dute.


