Donostiako kaleetan da grebaren oihartzuna
Milaka langile donostiarrek bat egin zuten martxoaren 17ko greba orokorrarekin. Sindikatuek deituriko manifestazioa izan zen jendetsuena. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) egindako mobilizazioan ere herritar askok parte hartu zuten.
Kalera atera dira milaka grebalari, hirian zehar.Joseba Parron San Sebastian Gutxienekoa eskatzeko atera zen gehiengoa kalera, iragan asteartean, martxoaren 17ko greba orokorraren egunean. Milaka donostiarrek bat egin zuten LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituriko goizeko manifestazioarekin, eta eskaera nagusiarekin: 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen, Hego Euskal Herrian, erabakitzea. Sindikatuena izan zen hiriko mobilizazio jendetsuena. Ordea, ez zen bakarra izan. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) «klase borroka hedatzeko» aldarriarekin egindako manifestazioan ere herritar askok parte hartu zuten. Arratsaldean, berriz, Donostiako hainbat eragile sozialek etxebizitzaren aldeko martxa egin zuten, ehunka lagunen babesarekin.
Saltoki txiki asko irekita zeuden arren, sindikatuek greba egun «arrakastatsua» izan zela adierazi zuten. Eredu gisa, astearte goizeko manifestazio jendetsua jarri zuten. Hiru zutabek osaturikoa izan zen. Anoetatik, Norteko geltokitik eta Antiguako tuneletik abiatu ziren 11:30 inguruan, eta Erdialdean elkartu ziren denak, Bulebarrera joateko. Manifestazio lasaia izan zen, irekita zegoen komertzioren batekin eztabaida bat edo beste izan arren. «Gora langileon borroka», «hemen lan egin, hemen erabaki» eta «gaur, greba orokorra» izan ziren, besteak beste, grebalariek oihu egindako aldarriak. Gutxieneko soldataz gain, prekaritatea salatzeko ere baliatu zuten mobilizazioa zenbait taldek.
Manifestazioa abiatu aurretik Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi zuenez, «langile klaseak ulertu du greba honen beharra». Gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko «bide guztiak» jorratu ostekoa izan dela gaineratu zuen: «Negoziazio kolektiboari uko egin diote, baita lege proposamen bati ere. Greba honi esker lortuko dugu gutxieneko soldata igotzeko borrokan aurrerapausoa ematea».
Grebak industriaren sektorean «jarraipen zabala» izan zuela nabarmendu zuten sindikatuek. Hezkuntzan, berriz, «ia erabatekoa» izan dela ziurtatu zuten, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak %49ko jarraipena izan zuela adierazi. Administrazio publikoan, Gipuzkoan, hamarnaka udaletxetan geldialdia ia erabatekoa izan arren, Donostiako Udal Gobernuak ez zuen grebarekin bat egin eta Jon Insausti alkateak astearteroko Tokiko Gobernu Batzarraren osteko prentsaurrekoa eskaini zuen.
«Klase borroka hedatu!»
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) bat egin zuen Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituriko greba orokorrarekin, pikete eta mobilizazio propioak eginez. Hain zuzen ere, manifestazio jendetsua egin zuten ehunka lagunek Donostian goizean, Kapitalismoaren ofentsibaren aurrean, klase borroka hedatu! lelopean.
Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten sozialistek, bandera gorriak sorbaldan, «langileon mendekua, iraultza sozialista», «gaur, greba orokorra» eta «kapitalismoa suntsitu»-ren gisako aldarrikapenak oihukatuz. Trinitate plaza betez amaitu zuten mobilizazioa, eta bertan egin zuten irakurketa, mezu argi batekin: «Gaur, ehunka lagun elkartu gara klase borroka hedatzearen aldeko mezua zabaltzeko».
Etxebizitzaren alde
Martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat eginez, bestelako aldarrikapen batzuk kaleratu zituzten hiriko hainbat eragile sozialek. Etxebizitza eskubidea bermatu! Soldatak igo eta hemen erabaki! lelopean, ehunka lagunek egin zuten Groseko Katalunia eta Amarako Easo plazen arteko bidea. Kalez kale, «langile klasearen pobretzearen erantzuleak» seinalatu zituzten. Esaterako, Azora putre funtsaren egoitza eta bidean topatu zituzten banketxeen sukurtsalak.
Easo plazako kioskoan egin zuten bukaerako ekitaldia, eta deialdia egitean iragarritakoa berretsi zuten: «Donostian, etxebizitzaren auziak zentraltasun osoa hartu du, eta, gaur egun, klase borrokaren adierazpenik gordinenetakoa bihurtu da».



