Txuri Urdinek kopan jarri du begirada
Nesken taldea Huarte nafarren kontra ariko da, eta mutilek titulurako finalari ekingo diote Jacaren izotz pistan. Belar hockey, eskubaloi, futbol eta saskibaloi talde donostiarrek ere jokatuko dute asteburuan.
Txuri Urdineko neskak, partida batean.Txuri Urdin Titulu bat eskuratu nahi du Txuri Urdin izotz hockey klubak. Horretarako, bi aukera ditu, une honetan. Batetik, nesken taldeak kopako final-laurdenetako bi partidak jokatuko ditu asteburuan, Anoetako izotz jauregian. Huarte nafarren kontra ariko dira, bihar 20:30ean eta etzi 14:30ean. Ligako titulurako finaletik at geratu ostean, kopan bide luzeagoa egiteko itxaropena dute. Bestetik, mutilen taldeak ligako titulurako finalari ekingo dio Jacan, etxeko taldearen kontra. Lehen bi partidak Aragoiko herrian jokatuko dituzte, bihar 21:30ean eta etzi 17:00etan. Bietako bat edo biak irabazita, urrats garrantzitsua egingo dute.
Belar hockeyan, Realak Club de Campo liderraren aurkako porrota atzean uzteko neurketa izango du. Izan ere, sailkapeneko azken aurreko postuan dagoen Terrassaren zelaian ariko dira, bihar, 13:00etan. Une honetan, txuri-urdinak bederatzigarren tokian daude, pasa den asteburuan galdu izanak postu bat jaistea eragin zielako.
Eskubaloian, Bera Bera Lanzaroteren aurka ariko da bihar, 13:00etan. Kanaria Handiarekin ligako lidergoagatik duen pultsua mantentzeko partida izango da, nahiz eta kanariarrei galtzea asko kostatzen zaien arren. Lau jardunaldi falta dira ligako fase erregularra bukatzeko, eta oraindik dena erabakitzeko dago. Sailkapeneko postuen araberakoa izango da ligako titulua jokatzeko kanporaketa, eta toki onena lortzea da abantaila.
Futbolean, Realeko mutilek La Ceramica futbol zelaian jokatuko dute gaur, Vila-real talde indartsuaren kontra (21:00). Txuri-urdinak ezustekoa ematen ahaleginduko dira, arerioa sailkapen nagusiko laugarren talde onena delako. Datorren sasoian Europan jokatzeko neurgailu ona izan daiteke gaur gauekoa. Realeko neskek, berriz, Levanteren zelaian jokatuko dute bihar, 12:00etan. Sailkapeneko azkenak badira ere, beti da zaila haien kontra jokatzea, eta, beraz, maila onean aritu beharko dira txuri-urdinak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek lehiara bueltatuko da, etxean, Gaska kiroldegian (etzi, 12:00). Ferrol galiziarren bisita egingo dute, eta garaipena da donostiarrek behar dutena. Batez ere, mamuak uxatzeko. Bestalde, Gipuzkoa Basketek bihar jokatuko du, leku berean, Gaskan (18:00). Oviedoko porrota ahazteko, eta helburuari eusteko neurketa izango dute Palentziaren aurka.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen kopa, final-laurdenak
- Lehen partida: Txuri Urdin – Huarte (bihar, larunbata, 20:30)
- Bigarren partida: Txuri Urdin – Huarte (etzi, igandea, 14:30)
Gizonezkoen liga, titulurako finala
- Lehen partida: Jaca – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:30)
- Bigarren partida: Jaca – Txuri Urdin (etzi, igandea, 17:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Terrassa – Reala (bihar, larunbata, 13:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Lanzarote – Bera Bera (bihar, larunbata, 19:30)
Futbola
Gizonezkoen liga, 29. jardunaldia
- Vila-real – Reala (gaur, ostirala, 21:00)
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Levante – Reala (bihar, larunbata, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 25. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ferrol (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 26. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Palentzia (bihar, larunbata, 18:00)


