Bera Berak lidergoa berreskuratu du
Txuri Urdineko neskak kopako lauko finalera sailkatu dira, eta mutilek urratsa egin dute titulurako finalean.
Bera Beraren eta Lanzaroteren arteko partida.Bera Bera Hiru jardunaldi falta dira eskubaloi liga erregularra bukatzeko, eta Bera Berak lidergoa berreskuratu berri du. Lanzaroten irabazi egin zuten larunbatean (21-30), eta Kanaria Handiak huts egin zuen Eldaren pistan. Ondorioz, donostiarrak lehen postura bueltatu dira, momentu erabakigarrienean. Puntu bateko aldea dute kanariarrekiko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek urratsa egin dute titulurako finalean. Jacan jokaturiko lehen bi partidetan, lehena galdu (3-1) eta bigarrena irabazi egin zuten (2-5). Horrela, finala berdinduta dago, baina hurrengo bi partidak Donostian jokatuko dira, datorren asteburuan. Txuri Urdinek biak irabaziko balitu, liga eskuratuko luke. Bestela, bosgarren partida Jacan jokatu beharko lukete. Txuri Urdineko neskak, berriz, kopako lauko finalera sailkatu dira Huarte nafarrak kanporatuta. Dena dela, Anoetako izotz jauregian jokaturiko partida bikoitzean, aurrenekoa galdu egin zuten (3-4) eta bigarrena irabazi (6-2). Bietan sarturiko golak batuta lortu zuten finalerdietara sailkatzea. Datorren asteburuan, Puigcerda gainditu beharko dute final nagusia jokatzeko.
Belar hockeyan, Realak jardunaldi bikoitza izan du Katalunian, eta ez da astebururik onena izan. Larunbatean, Terrassaren zelaian aritu ziren, eta garaipenetik gertuago izan ziren arren, berdindu egin zuten (1-1). Atzo, berriz, Junior talde sendoaren kontra amore eman behar izan zuten (3-0). Liga bueltatu denetik, garaipen horren bila jarraitzen dute.
Futbolean, Realeko neskek hiru puntu oso garrantzitsu erdietsi zituzten Levante azken sailkatuaren zelaian (0-1). Klara Cahynovaren gola nahikoa izan zen garaipenaren bidera itzultzeko, eta sailkapeneko hirugarren postua sendotzeko. Aldiz, Realeko mutilek galdu egin zuten Vila-realen zelaian (3-1). Lehen zatiko 22. minuturako hiru gol jaso zituzten txuri-urdinek, defentsako lan negargarriarengatik. Malda gora jarri zen neurketa, eta egoera iraultzen saiatu baziren ere, ez zuten horrelakorik lortu. Luka Sucicek egin zuten Relaren gola. Porrotarekin, sailkapeneko zazpigarren tokian jarraitzen dute, baina beste bi talderekin puntutan berdinduta.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek etxeko zaleen aurrean irabazi zuen, Ferrol gaindituta (67-51). Horrelako garaipen baten premia zuten Azu Muguruzaren neskek, eta, orain, sailkapeneko hamargarren tokian daude. Gipuzkoa Basketek ere Gaskan jokatu zuen, baina galdu egin zuten Palentziaren kontra (57-71). Jarraian galtzen duten bigarrena da, garaipen asko kateatu ondoren. Badirudi donostiarrek erregulartasuna galdu dutela, nahiz eta egoerari buelta emateko baliabideak badituzten.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Lanzarote 21 – Bera Bera 30
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finala
- Lehen partida: Jaca 3 – Txuri Urdin 1
- Bigarren partida: Jaca 2 – Txuri Urdin 5
Emakumezkoen kopa, final-laurdenak
- Lehen partida: Txuri Urdin 3 – Huarte 4
- Bigarren partida: Txuri Urdin 6 – Huarte 2
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 13. eta 14. jardunaldiak
- Terrassa 1 – Reala 1
- Junior 3 – Reala 0
Futbola
Gizonezkoen liga, 29. jardunaldia
- Vila-real 3 – Reala 1
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Levante 0 – Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 25. jardunaldia
- Ibaeta Basket 67 – Ferrol 51
Gizonezkoen bigarren maila, 26. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 57 – Palentzia 71


