Ekainaren 28an Madrilen abiatuko dira Euskotren eta Eusko Label ligak
Donostia Arraun Lagunak eta Orio izan ziren iazko traineru onenak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, hurrenez hurren.
Donostia Arraun Lagunak-ek arraunlariak, Euskotren liga irabazi berritan.Aitor Arrizabalaga Traineruak denboraldiaurrean murgilduta dauden arren, dagoeneko zehaztu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako egutegiak. Ekainaren 28an jokatuko da bien lehendabiziko jardunaldia, eta ezohikoa izango da, jakina zen moduan. Izan ere, Madrilgo Buitrago de Lozoyako Riosequillo urtegian izango da estropada.
Erlojuaren kontra eta binaka ariko dira ontziak. Emakumezkoetan, lau luze eta hiru ziaboga izango dituzte, eta, gizonezkoetan, sei luze eta lau ziaboga. Egia esan, ikustekoa izango da.
Euskal Herrira bueltan, Bilbon eta Zierbenenan izango dira hurrengo bi jardunaldiak, eta Donostiako bandera uztailaren 25ean izango da. Bi ligak, berriz, irailaren 19ko eta 20ko asteburuan bukatuko dira.
Donostiako ordezkariak
Iazko Euskotren liga Donostia Arraun Lagunak-ek irabazi zuen, hainbat banderekin batera. Hori bera errepikatzen ahaleginduko dira. Donostiarrak, berriz, zazpigarren postuan bukatu zuen, eta kanporaketetan mailari eustea lortu zuen. Haiekin batera beste sei traineru hauek ariko dira ligan: Tolosaldea, Orio, Hibaika, Astillero, San Juan eta Zumaia.
Eusko Label liga, berriz, Oriok eskuratu zuen pasa den urtean. Donostiarrak hirugarren tokian bukatu zuen, denboraldi ona eginez. Aipaturiko irabazleaz gain, beste ontzi hauek izango ditu aurten arerio: Bermeo, Zierbena, Hondarribia, Ondarroa, San Juan, Lekeitio, Santurtzi, Getaria, Chapela eta Ares.


