Enplegu teknologikoak hazten jarraitzen du Donostian
Donostia berrikuntzaren eta teknologia arloko enpleguaren erreferente bihurtzen ari da Espainiako estatuan. Hala ondorioztatu dute COTEC Fundazioaren Enplegu Teknologikoaren Mapan, gaur aurkeztu duten azterlanean. Txostenaren arabera, Donostia da gaur egun ikerketa eta garapeneko (I+G) enpleguaren pisurik handiena duen hiriburua estatuan.
Datuen arabera, 2025. urtearen amaieran 9.087 pertsona ari ziren lanean Donostiako jarduera teknologiko nagusietan, aurreko urtean baino 244 gehiago. Horrek %2,8ko hazkundea ekarri du urte batean. Bereziki nabarmena da I+G arloa: 3.008 langile ari dira jarduera horietan, hau da, hiriko langile afiliatu guztien %2,4.
Azterlanak erakusten du azken hamarkadan ere gorakada handia izan dela. 2015etik 2025era bitartean, enplegu teknologikoak %52 egin du gora, 3.112 lanpostu gehiago sortuta. Hazkunde hori batez ere zerbitzu teknologikoetan gertatu da, programazioarekin edo ikerketarekin lotutako jardueretan. Gainera, sektore horiek gero eta pisu handiagoa dute hiriko ekonomian: enplegu osoaren %7,1 dira gaur egun.
Berrikuntzaren aldeko apustua
Udalaren arabera, emaitza horiek urteotan berrikuntzaren alde egindako apustuaren ondorio dira. Donostia Sustapenak hainbat ekimen bultzatzen ditu ekintzailetza eta talentua sustatzeko, besteak beste EKINN nodoa, tokiko berrikuntza ekosistema indartzeko. Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren hitzetan, ezagutzan, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako garapen eredua sendotzea da helburua, kalitatezko enplegua sortu eta hiria talentua erakartzeko gune bihurtzeko.
COTEC Fundazioko presidente Cristina Garmendiak ere nabarmendu du enplegu teknologikoak lotura zuzena duela lurralde baten oparotasunarekin. Donostiaren kasuan, gainera, sektoreak genero oreka handiagoa erakusten du: lanpostu teknologikoen %42 emakumeek betetzen dituzte, Espainiako estatuko batezbestekoa (%31) baino nabarmen gehiago.
Lankidetza COTEC Fundazioarekin
Donostia Sustapena 2022az geroztik da COTEC Fundazioko kide. Lankidetza estrategiko horrek hiriak egin duen berrikuntzaren aldeko apustua sendotu du, garapen ekonomiko eta sozialaren bultzatzaile izan dadin, aldi berean tokiko ekosistema indartu eta talentu zein ekintzailetzarako aukerak sortuz.
Esparru horretan, udal sozietateak hainbat jardueratan parte hartzen du, berrikuntzari buruzko analisiak eta hausnarketak egin eta ezagutza sortzeko, besteak beste: “Talentu Gaztea eta Hiria” lantaldea, Donostia Sustapena buru izan zuena eta iaz EKINNen aurkeztu zena sareko beste erakunde batzuekin batera garatu ondoren; Gacela Enpresa Behatokia Donostiako enpresa ehunean hedatzea; edo Espainiako Berrikuntzaren Pertzepzio Sozialaren inguruko VI. Inkesta hirian aurkeztea.


