Amaya Zabarteren auzia itxi du epaileak eta familiak helegiteak iragarri ditu
Ertzaintzaren karga, Anoeta inguruan.Linas Korta / Argia Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak Amaya Zabarteren auzia ixtea erabaki du. Ertzaintzak egindako deklarazioetan oinarrituta hartu du erabakia. Egoera horren aurrean, Novoa familiak erreforma errekurtsoa aurkezteko aukera du, eta horretarako epea asteazken honetan amaituko da. Ebazpen horren ondoren, bost eguneko epea zabalduko litzateke, apelazio errekurtsoa prestatzeko.
Familian, ordea, etsipena da nagusi; gogorarazi dute auziaren hasieran epaileak kasua artxibatu zuela salaketa jarri eta egun gutxira, “delitu zantzurik ez zuela” iritzita eta ustezko tiro egilea “identifikatzea ezinezkoa” zela argudiatuta. Horren harira, adierazi dute hasieratik ez dutela ulertu epailearen jarduera, euren ustez gertakariak “nahikoa larriak” baitziren ikerketa sakonagoa egiteko.
Kritika, jardunari
Hala, kritikak areagotu egin dira instrukzioan zehar izandako jardunaren inguruan. Familiak salatu duenez, urtebete baino gehiago igaro zen Zabarteri deklarazioa hartu aurretik, eta, zaurien larritasuna gorabehera, hamar minutuko galdeketa laburra egin zitzaion, izaera administratiboko galderekin. Era berean, akusazioaren lekuko nagusia ere berandu deitu zutela azaldu dute (gertakariaren bigarren urteurrena bete baino bi hilabete lehenago). Haien arabera, epailearen jarrera “hotza” eta, une batzuetan, “mehatxatzailea” izan zen.


