Bretxako baserritarren deskargarako gunea hesitu dute, «abisatu gabe eta alternatibarik eskaini gabe»
Bretxako baserritarrak "oso haserre" agertu dira: "Beste behin ere, ez gaituzte kontuan eduki".
Bretxako baserritarren deskargarako gunea, itxita.Bretxako baserritarrak Astelehenean hasi zituen Donostiako Udalak Bretxako Arrandegi eraikineko birmoldatze lanak, eta, horren harira, Bretxako baserritarren postuen kargarako eta deskargarako gunea hesitu egin dute astearte goizean. Baserritarrek salatu dutenez, ordea, “abisatu gabe” jarri dituzte hesiak, eta ez diete alternatibarik eskaini.
Baserritarrek hedabide honi azaldu diotenez, bazekiten momenturen batean gunea itxiko zutela, baina aurretik abisatu gabe egiteak “haserretu eta harritu” ditu, eta salatu dute “beste behin ere” ez dituztela kontuan eduki: “Urak gainezka egiteko falta zen tanta zen”. Izan ere, gogoratu behar da Bretxako baserritarrek urteak daramatzatela “behin-behineko” postuetan eta hainbatetan salatu izan dutela udalaren jarrera.
Horrela, beste aukerarik ez zutenez, euren ibilgailuak plazan utzi dituzte baserritarrek, eta udaleko arduradunekin harremanetan jartzen saiatu dira, azalpenak jasotzeko. Baserritarrek azaldu dutenez, mugikortasuneko agenteek esan diete ez dietela isunik jarriko ibilgailuak gaizki aparkatzeagatik, baina udal arduradunek, momentuz, ez diete alternatibarik eskaini.




