Erdialde zahar etxea birgaitzeko lanak lizitatu dituzte
Erdialde jubilatuen egoitza Idiakez kalean dago.Erdialde Donostiako Udalak Erdialde zaharren egoitza birgaitzeko lanak lizitatu ditu. 1.719.981 euroko aurrekontua du eta lanak egiteko hamabi hilabeteko epea. Duela hiru urte luze onartu zuten proiektua idazteko kontratua, eta atzerapenak atzerapen, obra adjudikatzeko urratsa egin du udalak.
Hirian erabiltzaile gehien dituen eta urte osoan zehar jarduera handia duen zentroa da. Idiakez kaleko 6. zenbakian dagoen lokalak hobetu beharreko arazoak ditu, hala nola segurtasun falta sute arriskuaren aurrean, irisgarritasun unibertsaleko mugak, osasungarritasun arazoak eta zaharkitze orokorra instalazioetan.
Lanei esker, zaharren egoitza handitu egingo dute, ezkerrean dagoen lokalaren azalera gehituz, eta lokalaren birgaikuntza funtzional, ingurumenekoa eta teknologikoa egingo da, haren gabeziak zuzenduz.


