Magrebera leiho bat zabalik, Tabakaleran
Ekainaren 14ra arteko jardunaldi programa antolatu dute Tabakaleran.Tabakalera Nāfidha. Magreb irudikatua jarduera sorta abiatu du Tabakalerak. Egitasmoa Magrebeko eta Ipar Afrikako sorkuntza garaikidera hurbiltzeko proposamena da. Izenburuak “leihoa” esan nahi du arabieraz eta partekatutako harreman historiko eta kulturalei buruzko ikuspegi berriak irekitzeko metafora da.
Gaurtik ekainaren 14ra bitartean, Proiekzioak, ikus entzunezko instalazioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak… aurrera eramango dituzte Tabakalerako erakusketa aretoan. Horien bidez, migrazio prozesuaren ondoriozko identitatearen konplexutasuna eta pertenentzia sentimendua aztertuko dituzte. Parte hartuko dute, besteak beste, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea, Tabakalerako Harrotu Ileak kolektiboa, Sarah Mounia Kachiri eta Rim Mejdi komisario eta zinemagile marokoarrak, eta Elias Querejeta Zine Eskolako Lerrokatu gabeko zinema artxiboak ikerketa taldeko kideek.
Ardatz tematikoaren muina kontrastea da, Estatuen memoria ofizialaren eta diskurtso historiografiko nagusietatik kanpo geratu diren kontakizunak berreskuratzen dituzten ahozko edo norbanako memorien artekoa. Ikuspegi kulturaletik, Nāfidha programak erresistentzia sortzailea aldarrikatzen du, tresna gisa baliagarria baita prozesu horien historia eta errealitatea nola kontatzen diren zehazten duten iruditeriak birdefinitzeko.
Egitaraua
Gaurtik apirilaren 12ra bitartean, Zinea benda gisa eta denborazkotasunak postkolonialismoan Kachiri eta Mejdi komisario dituen hiru film laburrez osatutako programa proiektatuko dute. Apirilaren 11n, berriz, komisario berek aukeratutako zinemagile gazteek zuzendutako film laburren hautaketa bat proiektatuko dute. Bertan, indarkeria kolonialaren aurkako borroka edo afektuak ehuntzen dituzten emakumeen eguneroko ohiturak bezalako gaiak jorratzen dira.
Apirilaren 14tik maiatzaren 3ra bitartean, Rabia Teguia. A cinema of Ruptures izeneko ikus entzunezko programak zinemagile aljeriarraren lana aztertuko du. Horri lotuta, apirilaren 14an, Teguiak garatutako ikerketa eta lan artistikoari buruzko solasaldia egingo dute zinemagileak berak eta Lea Morin-ek, zinema esperimentalari eta memoria kulturalari arreta berezia eskainita.
Maiatzaren 13an, Tania Safura Adam ikertzaileak Espainia Beltzetik Artxibo Beltzetara, edo nola konpondu etorkizuna hitzaldia emango du. Bertan, erreparazioa jorratuko du, legatu kolonialen aurrean Artxibo Beltza berhumanizatzeko eta birdefinitzeko espazio gisa proposatuko du.
Maiatzaren 5etik 24ra bitartean, Fermin Muguruzak, Ireki leihoak izenburupean, migrazio, memoria eta erresistentzia kulturaleko esperientziei lotuta soinu dimentsioa, dimentsio dokumentala eta politikoa emango dio programari. Next Music Station (2011) dokumental sortaren hautaketa bat proiektatuko da, Maroko, Tunisia, Egipto eta Libanori eskainitako kapituluekin, baita Checkpoint Rock. Abestiak Palestinatik dokumentala ere. Maiatzaren 20an, Tunisiari dagokion filma proiektatu ondoren, Badiaa artista tunisiarrarekin solasaldia egingo dute, sorkuntza artistikoarekin, nortasunarekin, erresistentziarekin eta kultur transmisioarekin lotutako gaiak jorratuz. Horrez gain, kontzertua emango du Kutxa Klubean.
Maiatzaren 6an, Gazteria, migrazioa eta subiranotasun narratiboa: nork kontatzen du Maroko gaur egun? mahai-ingurua egingo dute. Soraya Aybar Laafou kazetaria izango du moderatzaile eta Zineb Koutten eta Zainab Fasiki sortzaile marokoarrek parte hartuko dute.
Maiatzaren 8an, 18:00etan, Tabakalerako erakusketa-aretoan Alshams aurkeztuko dute, Medialab Tabakaleraren eta Villa Saliaren proiektua. Ekimenak musika sortzeko eta grabatzeko tresnak eskaintzen ditu, hala bazterketa arriskuan dauden kolektiboen autoadierazpena, talde lana eta ikusgaitasuna bultzatzeko. Amaitzeko, kontzertua eskainiko dute.
Maiatzaren 26tik ekainaren 14ra, Harrotu Ileak kolektiboak identitatean eta migrazioan oinarritutako programazioa aurkeztuko du. Hiru film kolektibo eta Nabil Aniss eta Lucia Feuillet artistekin batera egindako bideo instalazio bat egongo dira ikusgai. Taldeak elkarlanean eraikitzen duen artxibo komunitarioaren parte dira pieza horiek, eta memoria, gorputza eta sorkuntza artistikoa oinarri hartuta migrazio esperientzia kontatzeko modu berriak esploratzen dituzte.
Sakontzeko gonbita
Ekainaren 3an, topaketa bat egingo dute, edonori irekia, abegikorrak diren kultura erakundeak posible egiteko moduei buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko.
Gainera, Medialabek aukeratutako materialez osatutako espazio bat ere egongo da, bertaratutakoek erakusketako gaietan gelditu, elkar eragin eta sakontzeko aukera izan dezaten. Hiru eremu nagusi ditu: joko eremu bat, aretoaren gaiarekin lotutako proposamenekin, adin guztietarako; dokumentazio mahai bat, erakusketaren gaiari lotutako materialekin, kontsultatu edo maileguan hartu daitezkeenak; eta interakzio panel bat, gailu analogiko eta digitalen bidez publikoaren hausnarketak eta ekarpenak jasotzen dituena. Helburua da ezagutza, parte-hartzea eta gaiari buruzko edukietarako sarbidea bultzatzea, eta, hala, erakusketaren esperientzia handitzea.
Erakusketa aretoa, asteartetik igandera zabalik dago 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.


