Udalak Gregorio Ordoñezen hilketaren epaiketa batean parte hartuko du
Jon Insausti alkateak Gregorio Ordoñezen omenezko Polloeko ekitaldian parte hartu zuen, urtarrilean.Donostiako Udala Jon Insausti alkateak jakinarazi duenez, Donostiako Udalak parte hartuko du ETAk erail zuen Gregorio Ordoñez PPko zinegotziaren epaiketa batean. Duela 30 urte, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erabaki zuen akusazio partikular gisa parte hartzea Ordoñezen hilketaren auzian. “30 urte geroago, Madrilgo Instantziako Auzitegi Zentralak udalari adierazi dio amaitutzat eman duela hilketaren sumarioa, eta, orain, udalari dei egin dio Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salaren aurrean ager dadin, egingo den epaiketaren aurrean”, azaldu du Insaustik.
Ahozko epaiketa bat izango dela gaineratu du alkateak, eta 1996eko ekainaren 17an harturiko erabakia “berretsiko” dutela. “Udalak konpromiso horri tinko eutsiko dio eta garatuko den epaiketan parte hartuko du”, nabarmendu du Insaustik. “Hamar eguneko epea eman digute erantzuteko, baina ez ditugu horrenbeste beharko baiezkoa emateko”.
“Hau egiten dugu, Donostiak ez duelako ahazten eta memoria duelako. Mezu honen bidez, argi helarazi nahi dut, indarkeriak ez duela sekula lekurik izan Donostian, eta ez duela izango. Bizikidetza eta duintasuna defendatzen dugu. Gregorio ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko”, adierazi du alkateak.


