Alokairuen kontratuak luzatzeko dekretua baliatzeko aholkularitza eskainiko du Saretxek
Alokairuaren iragarki bat Donostian.Joseba Parron San Sebastian Etxebizitzen alokairuen kontratuak luzatzea ahalbidetzen duen lege errege dekretua indarrean sartu zen martxoaren 22an, baina litekeena da Espainiako Diputatuen Kongresuak dekretu hori bertan behera uztea apirilaren amaieran, PPk, Voxek eta Juntsek aurka bozkatuko dutela aurreikusten delako. Hala ere, dekretua indarrean dago gaur egun, eta hala jarraituko du, gutxienez, Espainiako Kongresuan aipaturiko bozketa egin arte; beraz, jasotzen dituen neurriak baliatu ditzakete herritarrek.
Hain zuzen ere, hainbat dira Espainiako Estatuan neurri horiek baliatzeko aholkularitza eskaintzen ari diren erakundeak. Donostian, hori bera egingo duela iragarri du Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak.
“Zure kontratua 2026ko martxoaren 22tik 2027ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen bada, bi urteko luzapen berezia eska dezakezu edo prezioaren %2ko igoera muga aplikatu dezakezu une honetatik bertatik”, azaldu dute Saretxeko kideek. Era berean, sindikatuak nabarmendu du Kongresuak dekretua baliogabetuta ere, ordura arte jakinarazitako luzapen guztiak aplikatu beharko direla.
Horrela, aholkularitza hori jaso nahi izanez gero, Saretxek astelehenero Hondarpe auzo elkarteak egiten dituen asanbladetara joan daitezke herritarrak (Nafarroa Beherea plaza, 6, 19:30ean), edo sindikatuarekin harremanetan jarri daitezke, 722 672 459 telefonora deituta edo etxebizitza.saretxe@gmail.com helbidera idatzita.
Hala ere, Saretxek nabarmendu du dekretu horrek ez duela, “inondik inora”, etxebizitzaren arazoa konpontzen, baizik eta “gure bizitzak une jakin batean hobetzeko apurrak” baino ez direla.


