Euskarazko disko onenaren saria lortu du Merina Grisek MIN sarietan
Martxoaren 25ean Kordoban (Espainiako estatua) egin den MIN musika independentearen sarien ekitaldian, Merina Gris taldeak eskuratu du Euskarazko Disko Onenaren saria, Zuloa lanagatik. Garaikur hori lortzeko lehian izan dira, halaber, Ezezez taldea, Kabakriba diskoarengatik, Mirua, Miruenea lanagatik, Olaia Inziarte, Zerrautsa dela eta, eta Ruper Ordorika, Lurra ikutu barik-engatik.
Sara, Julen eta Paskalek 2020an sortu zuten talde donostiarra da Merina Gris, eta 2025an argitaratu zuten Zuloa, hamar kantuko bilduma dena, Sonido Muchacho diskoetxearen eskutik. Zuloa generoak eta emozioak nahasten dituen elektronika-punk lana da. Zuloaren kontzeptua hainbat zentzutan aztertzen du, antsietate garaikidea islatzen duen soinu-espazio bat sortuz. 2022an, taldeak Zerua orain LPa argitaratu zuen, eta anartean hainbat kolaborazio ere ondu ditu bertze euskal artistekin.
Euskarazko Disko Onenaren aitortza ez ezik, Merina Gris Artista Berri Onena eta Pop Disko Onena sarietara ere izendatua izan da.
Izaro eta Oreka TX, Musika ekoizpen Onenean saridun
Orotara zortzi euskal artista zeuden MIN sarietako hautagaien artean. Horietako bat Izaro izan da, eta Oreka TX bikoarekin batera ondutako Xorieri lanagatik erdietsi du musikari mallabitarrak Musika-Ekoizpen Onenaren SAE Madrid saria. Horrez gain, ber lanagatik ere izendatu zituzten bai Izaro bai Oreka TX Elektronikako Grabazio Onenerako lehiakide. Musika-Ekoizpen Onenaren garaikurra etxeratzeko lehian izan da, halaber, Gorka Urbizu, BAKAN (II)-ren kaleratzeagatik.
MIN sariak
Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen ditu MIN sariak 2009az geroztik, eta 18. edizioa dute aurtengoa. Sariok Espainiar estatuan egindako ekoizpen independenteen sorkuntza, aniztasuna eta kalitate artistikoa aitortzen dute. Helburua talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna ematea, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzea da.


