Iragarri dituzte Herrerako jaietako kontzertuak: Parabellum, Potato eta beste
Gasteizko Potato talde beteranoa, zuzenean. Donostiako auzo eta herrietako jaien artean, jendetsuenetako batzuk izaten dira Herrerakoak, nagusiki, antolatu ohi dituzten kontzertu handiengatik. Ekainaren erdialdean ospatuko dituzte aurtengo Herrerako jaiak, eta, hain zuzen ere, iragarri dituzte dagoeneko 2026ko jaietako kontzertuak.
Lehenengo asteburuan, Parabellum, Potato eta EH Sukarra taldeek joko dute ostiralean (ekainak 12, 22:00), eta Andoni Ollokiegik eta Bidean erromeriak larunbatean (ekainak 13, 21:30). Bigarren asteburuan, aldiz, Elektrobuiaka elektro txarangak eta Itzal erromeriak joko dute, larunbatean (ekainak 20, 21:30).



