Zer plan Donostian asteburuan?
'Itzulera' antzezlana. Ziur bat baino gehiago zaretela asteburuan Bilbora joatekoak zaretenak, 24. Korrikaren amaiera bertatik bertara bizitzeko, baina Donostian asteburua aprobetxatzeko plan bila bazabiltza, gure agendan kultur eta aisialdi jarduera aukeraketa zabala aurkituko duzu.
Ostiralean (hilak 27), Viktoria Eugenia antzokira joatea da gure proposamena, izan ere, Donostia Antzerki Saria irabazi du aurten Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlanak, eta bertan taularatuko dute, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela eta, 19:30ean; gonbidapenarekin.
Larunbatean (hilak 28), beste euskal antzerki bat gomendatuko dizugu: Jon Ander Urrestiren Kolapsoa antzezlana taularatuko dute Lugaritz Kultur Etxean, 19:30ean; 12 euro.
Azkenik, igandean (hilak 29), asteburua ixteko, Altxerrira gerturatzea proposatuko dizugu, Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolako Big Bandak aurkezpen kontzertua emango baitu bertan; 5 euro.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere daukazue hemen: haurrentzako eta familientzako ipuin kontaketa eta magia ikuskizuna antolatu dute Urgulleko liburutegian, Sergio de Andresen eskutik. Gonbidapena eskatu behar da, astelehenean bertan, 16:30etik aurrera, liburutegian.


