«Eskulanak denbora asko eskatzen du, eta sarri ez da behar bezala baloratzen»
Donostiako Parte Zaharreko kaleen artean, bada denborari eutsi dion denda txiki bat: Iriondo Saskigintza. 1920an sortu zen, eta hasieran elikagaiak eta bestelako produktuak saltzen bazituen ere, denborarekin, saskigintzan espezializatu da familia, Olatz Iriondo arduradunak azaldu duenez.
Olatz Iriondo, Iriondo Saskigintzako jabea.Garazi Etxaniz Idarreta Non: San Lorenzo kalea, 17, Donostia
Telefonoa: 943-42 29 76 / 625-70 56 59
Webgunea: Cesteriairiondo.com
Zer aurkituko du erosleak Iriondo Saskigintzara sartzean?
Funtzio askotarako saskiak saltzen ditugu: etxea antolatzeko, arropa gordetzeko, loreontzi gisa erabiltzeko, aldizkariak gordetzeko… Azken bi urteetan motxilak ere saltzen ditugu, material iragazgaitza dute eta Donostiako eguraldi euritsurako aproposak dira.
Nola iritsi da denda gaur egunera arte?
Zumaiatik etorritako aitonak sortu zuen denda. Hasieran, janaria eta orotariko produktuak saltzen ziren, baina gero nire gurasoek hartu zuten saltokiaren ardura, eta pixkanaka saskigintzara bideratu zuten negozioa. Turismoa jada existitzen zen orduan: aitak kontatzen zuen garai hartan ere gida turistikoak etortzen zirela taldeekin eta haiei saltzeko ohitura zegoela. Gurasoek utzi zutenean, nire anaia eta biok hasi ginen dendan.
Bezeroen artean turista asko al dago? Eta halako denda batean, zer presentzia du euskarak egunerokoan?
Urtearen zati handi batean bezero lokalak izaten ditugu, baina maiatzetik irailera turista asko etortzen da. Esango nuke urte erdia hemengo bezeroekin egiten dugula eta bestea turistekin.
Turistekin, euskara gutxi. Badaude batzuk ohiko hitzekin saiatzen direnak: kaixo, eskerrik asko, agur… Bestela ere, denda honetara nahiko jende euskalduna etortzen da. Ez dakit dendak berak itxura euskalduna duen, baina hala da, eta, urteekin, ez dut aldaketa handirik nabaritu.
Merkataritza txikiak zailtasun handiak ditu, gaur egun. Zuek nola bizi duzue?
Ez da erraza. Internetek asko eragiten digu, jende askok plataforma handietan erosten duelako. Batzuetan, hala ere, dendara etortzen dira han erositako produktua kalitate onekoa ez delako edo apurtu egin delako. Administrazioarekin lotutako oztopoek ere zaildu egiten dute negozio txiki bat aurrera eramatea.
Plastikoak hartu duen indarrarekin, nola aldatu da produktuen eskaera, eta zer etorkizun du artisautzak?
Argazki zaharrek erakusten dute zenbat aldatu den guztia. Gurasoen garaian, altzariak edo tiraderak saltzen ziren; gaur egun, produktu txikiagoak eta etxerako osagarriak dira nagusi. Plastikoak produktu asko ordezkatu ditu. Bestalde, saltzen dugunaren gehiena inportatutakoa da, nahiz eta oraindik hemengo gaztainondozko saskiak izan. Arazoa da artisau gutxi geratzen direla eta ez dela erreleborik izan. Azkenean, eskulanak denbora asko eskatzen du, eta, sarri, ez da behar bezala baloratzen.


