Halal harategi, janari denda eta topagune bat Altzan, auzoa egiteko
Ramadana bukatu berritan harrapatu ditugu Mohammed El Aissaoui (Ujda, Maroko, 1975) eta Hassan Tajrasti (Al-Hoceima, Maroko, 1981), Larratxon ireki berri duten halal harategian: Market Plazan. Familia giroan, ramadanaz, harategiaz, auzoaz eta beraien ibilbideaz mintzatu dira, luze eta zabal.
Hassan Tajrasti eta Mohammed El Aissaoui, Market Plazan.Oier Arribas Ciria Txirrita Bertsolariaren pasealekuak Larratxo pasealekuarekin bat egiten duen lekuan dago Market Plaza, Altzako halal harategi eta elikadura denda berria, eta bertan egin dugu hitzordua Hassan Tajrasti eta Mohammed El Aissaoui arduradunekin. Elkarrizketa egiterako orduan martxoaren 20a da, eta ramadana bukatu berri dute; hain zuzen ere, musulmanek ramadanean jan ohi dituzten gozoz beterik dago dendaren erdiko altzaria: «Hartu bat, dastatzeko!», bota die Tajrastik kazetariari eta argazkilariari, ezagutu eta berehala, El Aissaoui enkargu bat egitetik itzuli arte goxatzeko. Horrela bai, horrela hasi daiteke elkarrizketa bat.
Gozo horien bueltan, hain zuzen ere, bukatu berri duten ramadanak hartu du elkarrizketaren parte handi bat: «Hilabete inguruz, baraua egiten dugu egun osoan zehar, eta, iluntzean, harira zopa eta gozo hauek jaten ditugu. Beste jaki batzuk ere jaten ditugu, baina zopa eta gozoak ziurrak dira. Denek daramate irina eta eztia, eta bakoitzaren kanpoaldea, barrualdea edo egiteko modua da aldatzen dena», azaldu dute. Ramadana hasi aurretik, «Marokoko gozo hauen 40 kilo» ekarri zituztela kontatu du Tajrastik, izan ere, «Herreran eta inguruko auzoetan musulman komunitate handia dago, eta, beraz, ramadana asko bizi dugu hemen, nahiz eta gertuen dagoen meskita Errenteriakoa den», El Aissaouik dioenez.
Ramadana, ordea, baraualdia eta jaki tipiko batzuk baino askoz gehiago da: «Urteroko inflexio puntua da. Hausnarketarako hilabete bat da, nor bere baitan biltzekoa, familiarekin egotekoa, oso espirituala… arima garbitzeko hilabete bat da, purifikatzailea. Eta arimak jaten duzunarekin ere harremana du. Horregatik, bateria kargatzeko hilabetea da guretzat», nabarmendu du Tajrastik, baita gaineratu ere ezin dela «gauza materialekin azaldu»: «Oso espirituala da dena». Hala ere, ñabardura egin du: «Ez dugu denek berdin egiten: gaixorik daudenek, haurdun daudenek, hilekoa dutenek… jan dezakete egunean zehar».
Haragia, fruta, kontserbak…
Marokoko gozoez gain, haragiz eta beste hamarnaka jakiz inguratuta egiten ari gara elkarrizketa, izan ere, harategia da Market Plazaren arlorik garrantzitsuena, baina ez bakarra: fruta, barazkiak, kontserbak eta bestelako produktu asko dituzte salgai. «Denda txiki bat gara, gertukoa, eta saiatzen gara ahalik eta gauza gehien edukitzen, auzotarrek behar duten guztia aurkitu ahal izan dezaten hemen. Hain zuzen ere, eskatzen diguten zerbait ez daukagunean, apuntatu, eta ekartzen saiatzen gara», kontatu du Tajrastik. Eta, horrez gain, «Marokoko gauza bereziak» ere badituztela nabarmendu dute: «Leben esnea, intsentsu bereziak, msemen ogia eta abar».
«Urteroko inflexio puntua da ramadana. Hausnarketarako hilabetea da, nor bere baitan biltzekoa, oso espirituala…»
«Pixkanaka ikasi beharko dut euskara! Momentuz, egin dezakeguna da dendako kartelak euskaraz jartzea; hori egingo dugu!»
Hassan Tajrasti, Market Plazako arduraduna
Ildo horretatik, ahalik eta gauza gehien edukitzea bai, baina euren lan ildo nagusia kalitatea bermatzea dela gaineratu du El Aissaouik: «Norbait lehenengo aldiz etortzen bada eta zerbait txarra ematen badiozu, ez da itzuliko. Horregatik, haragi ona daukagu hemen, eta kalitatea mantenduko dugu beti; gainera, saiatzen gara jendeari gomendatzen zer erosi eta zer ez».
Halal da Market Plazan duten haragi guztia: «Musulmanei begira daukagu haragi hori, gu musulmanak garelako, baina musulmanek ez direnek ere jan dezakete, noski, eta gero eta gehiago etortzen dira, hain justu. Halal haragia, gainera, samurragoa izaten da, animalia hiltzerakoan, odol guztia ateratzen delako. Aldiz, pistola elektrikoarekin hiltzen duzunean, odolaren parte bat barruan gelditzen da», azaldu du Tajrastik.
«Norbait lehen aldiz etortzen bada eta zerbait txarra ematen badiozu, ez da itzuliko. Horregatik, haragi ona daukagu»
Mohammed El Aissaoui, Market Plazako arduraduna
Dena prest edukitzeko lan handiko hilabete «neketsu eta gogor» batzuen ostean, hilabete eta erdi inguru darama irekita dendak: «Ez dugu denborarik eduki familiarekin egoteko ere: margotu, makinak ekarri, izapide guztiak… Baina aurrera egiteko gogoz gaude, bizitza proiektu polita delako», nabarmendu dute kideek. Lan horren guztiaren ondoren, hala ere, eskaintza handitzeko gogoz jarraitzen dute: «Beti ari gara pentsatzen zer gehiago egin dendan: zer saldu, baina baita nola saldu ere. Esaterako, fruta denda daramaten pakistandar batzuekin hitz egin dugu, guk euren fruta saltzeko eta beraiek gure haragia. Eta jatetxe batzuek ere guri erosten digute haragia, dagoeneko. Elkarlan onak egiten ari gara».
Harakina eta soldatzailea
El Aissaoui Herreran bizi da eta Tajrasti Errenterian, eta, hain zuzen ere, Errenterian ezagutu zuten elkar: «Nik hango halal harategi batean egin nuen lan zortzi urtez, eta Mohammed gure bezeroetako bat zen. Erabaki nuenean nire negozio propioa muntatuko nuela, berari proposatu nion; baiezkoa eman zidan, eta Market Plaza irekitzeko lanean hasi ginen. Besteak beste, dendako altzarietako asko berak egin ditu, eskuz», kontatu du Tajrastik. «Soldatzailea nintzen ni, eta orain ikasten ari naiz harakina izaten, baina nahiago dut lan hau, soldatzaile lanetan begiak izorratzen dituzulako», azaldu du El Aissaouik.
Elkarrizketa egiten ari garen bitartean, inguruan dabiltza El Aissaouiren seme-alabak, Tajrastik zein El Aissaouik familia ugariak dituztenez, familia negozioa da Market Plaza, bistan da. Hain zuzen ere, El Aissaouiren seme Rayyan hasi da, dagoeneko, negozioan murgiltzen: «Nire irakasle baten laguntzarekin, dendaren Instagram kontua sortu nuen, irekieraren eta kokapenaren berri emateko. Eta Facebook eta Tiktok kontuak ere sortu ditugu», azaldu du.
Auzoko denda
Altzako komunitate musulmanak ez ezik, komunitate ez musulmanak ere «harrera ona» egin diela nabarmendu du El Aissaouik: «Musulman asko datoz, baina baita musulmanak ez diren asko ere». «Badago kuriositatez sartzen den jendea eta kanpotik begiratu, baina, lotsatuta, sartzen ez dena. Halakoak ikusten ditudanean, denda barrutik hitz egiten diet, jator, sartzera animatuz», gehitu du Tajrastik.
Horrela ere, ordea, ez dute lortu erreportaje honen hasieran aipatutako gozoen 40 kiloak saltzea, «ramadana egiten ez duen jende askok ez dituelako ezagutzen». Momentuz, kazetaria eta argazkilaria poltsa bete gozo atera dira dendatik, argi edukita gehiagoren bila itzuli beharko direla.

«Amazigerak harremana omen du euskararekin!»
Mohammed El Aissaouiren jaioterria Ujda hiria da, Marokoren iparraldean dagoena, Aljeriako mugatik oso gertu. Hain zuzen ere, euren jaioterriaz galdetuta, Euskal Herriaren eta Marokoko zona horren arteko lotura egin du, berehala, Hassan Tajrastik: «Mohammeden jaioterriaren inguruko eremuan, Aljeriaren eta Marokoren arteko mugan, amazigera hitz egiten da, eta harremana omen du euskararekin!».
Hain zuzen ere, Tajrastik nabarmendu duenez, amazigek, berbere gisa ere ezagunak direnek, jatorriz, «harremana dute euskal herritarrekin». El Aissaouiri hizkuntzaren inguruan galdetuta, ordea, azaldu du berak ez duela hitz egiten, ezta bere familiak ere.
Zein da, ordea, amazigen eta euskal herritarren eta amazigeraren eta euskararen arteko harremana? Bada, urte luzez, horren ingurukoa izan zen euskararen jatorriaren inguruko teoria zabalduenetako bat, amazigerak eta euskarak zenbait hitz antzeko dituztelako, segur aski, duela milaka urteko migrazioetan herrien artean gertatutako nahasketen ondorioz. Euskararen jatorriak amazigerarekin lotura duenaren teoria, ordea, baztertu egin dute dagoeneko hizkuntzalari gehienek, nagusiki, bi hizkuntzen arteko antzekotasunak lexikoak eta lexikografikoak baino ez direlako, harago joan gabe.
Amazigera ez, baina Tajrastik eta El Aissaouik argi dute euskara ikastea izan daitekeela euren hurrengo erronka. Hain zuzen ere, ikasten hasteko, El Aissaouik parte hartu zuen Bagera Euskaltzaleen Elkartearen Auzoko programan, eta Tajrastik ere argi du: «Ez daukat denborarik, baina pixkanaka ikasi beharko dut! Momentuz, egin dezakeguna da dendako kartelak euskaraz jartzea, eta, bai, hori egingo dugu!»








