«Jarraipena ematen asmatu ez izana geratzen zaigu arantza gisa»
Martxoaren 31n itxiko dute Hontza liburu denda, 40 urte baino gehiagoren ostean. Esther Moiua eta Ramon Tatiegi jabeek urte horien guztien balantzea eginda, oraindik ere, Hontzak aurrera jarraituko duen itxaropena dute. Hala ere, asteartean egingo duten itxierara gonbidapena zabaldu nahi diote gerturatu nahi duen orori.
Ester Moiua eta Ramon Tatiegi, Hontza liburu dendan.Nagore Garmendia 40 urtez baino gehiagoz Donostiako bizitza kulturalean erreferente izan zarete. Nola gogoratzen duzue hasiera hura?
Ramon Tatiegi (R.T.): Niri ez zitzaidan burutik pasatzen liburu denda batean lan egitea, beldur pixka bat ematen zidan, baina aukera polita iruditu zitzaidan.
Esther Moiua (E.M.): Ilusioa egin zigun, irakurleak garelako; liburu denda bat zurea izateak poztasuna ematen dizu.
Gaur egun, pozik zaudete baiezkoa eman zenutelako?
R.T.: Gustura gaude egindako lanarekin, nahiz eta momentu beltzak ere pasatu ditugun. Donostiako sektore baten partaide ginenez, txertatu genuen denda sektore horretan. Gure ukitua eman izanaz harro nago.
Nola ikusi duzue hiriaren bilakaera zuen erakusleihoaren atzetik?
R.T.: Ni ez naiz sentitzen oso eroso gaur egungo Donostian…. hiria aldatu da, baina ni ere aldatu naiz. Bi eboluzio horien barruan, nahiko atzerritar sentitzen naiz hemen. Etortzen naizenean bilatzen ditut nire oasiak, eta Hontza, agian, hori da askorentzat; beren Donostiaren bilaketan, guregana datoz.
E.M.: Hiria bere esentzia galtzen ari da. Hainbat leku desagertzen, aldatzen ari dira, sektore guztietan…
R.T.: Eta liburu dendetan, garbi ikusi dugu. Esaten da gutxi irakurtzen dela, eta ez da egia. Gu hasi ginenean, liburuentzako metro gutxiago zeuden Donostian; orain, liburu denda gutxi daude, baina oso handiak.
Liburu denda independenteek, hortaz, badute tokirik gaur egungo Donostian?
E.M.: Lan asko eginda, bai.
R.T.: Gu euskal liburuetara dedikatu gara pixka bat gehiago, baina desagertzen garenean, ez dakit zeinek hartuko duen espazio hori. Norbait animatuko balitz euskal liburuetara dedikatzera, mimoekin hartuko balu, jendeak eskertuko luke.
Ez da gutxiago irakurtzen, baina irakurleen ohiturak aldatu dira, agian.
R.T.: Irakurtzeko ohiturak baino, erosteko ohiturak aldatu dira.
E.M.: Liburu bat esku artean izatea, orria pasatzea, zein paper mota den ikustea… inkontzienteki konturatzen gara horretaz. Liburu fisiko bat hartzen duzunean, ez da soilik irakurketa.
R.T.: Musika diskoak ere oso denbora gutxian desagertu ziren. Musika kontsumitzeko modua aldatu zen. Eta pixka bat geroago, liburu elektronikoa etorri zen. Guri esaten ziguten liburuekin diskoekin pasatu zena pasatuko zela, eta ez zen pasatu. Liburu elektronikoa bere zatiarekin gelditu da, baina paperak luze jarraituko du.
Nabaritu duzue zuek paperaren eta liburu elektronikoaren arteko arrakala?
R.T.: Nabaritu genuen, baina hortik desagertzera… Saldu ziguten hondamendi bat balitz bezala!
E.M.: Liburu elektronikoa moda bat zen. Berritasun bat. Eta indar batzuei interesatzen zitzaien hori bultzatzea. Elektronikoa ondo dago, eta jendeak erabiltzen du, baina gero bitxia da, elektronikoan irakurri dutena gustatu zaienean, hona datozela, papereko bertsioa erostera.
R.T.: Esaten zen etorkizuna liburuen deskargak izango zirela. Hilabete gutxiko kontu bat izan zen, baina asko estutu gintuzten deskargak saltzeko.
Nola egin behar du lan liburu denda independente batek bere lekua lortzeko?
R.T.: Gure puntu positiboetako bat izan da egonkortasuna. Lanean geundenok esperientzia geneukan, irakurleak ginen, eta profesionaltasun horrek asko laguntzen du.
E.M.: Hemen lanean ibili garenok badakigu besteari zer gustatzen zaion; niri liburu batengatik galdetuko balidate, jakingo nuke, nik irakurri ez badut ere, zeinek lagundu dezakeen bezeroa. Esku artean duzun hori ezagutzea garrantzitsua da.
Horrek bezeroarengana gerturatzen zaituzte.
E.M.: Entzuten baldin badakizu, eta horretarako denbora hartzen baduzu, bai.
R.T.: Bezeroak ere profesionalak dira. Zuk baino askoz ere gehiago irakurtzen dutenei kasu egin behar zaie. Eta hala, hainbat bezero lagun bilakatu dira.
Ixteko erabakia sendotu duen unerik egon da?
R.T.: Nik erretiroa hartu baino lehen hasi ginen pentsatzen zer egin Hontzarekin. Estherrek erretiroa hartzerakoan itxiko genuela erabaki genuen, baina salgai jarri genuen. Eta saldu ez dugunez, itxi egin behar dugu.
Zergatik uste duzue ez dela posible izan negozioari jarraipena emango zion norbait aurkitzea?
E.M.: Alde batetik, gure seme-alabek beraien bizitza beste bide batzuetatik egin dutelako eta ez dutelako ikusten beren burua hemen. Eta, bestalde, ez delako egon erosteko eskaintza zintzorik.
R.T.: Horrelako proiektu batek ezin du aurrera egin pertsona batekin soilik, bai arrisku ekonomikoagatik baita dinamizatzeko talde lana behar delako ere.
Zuen intentzioa liburu denda gisa saltzea da.
R.T.: Bai, baina azken hilabeteetan prest egon gara bestelakoetarako. Eta oraindik ere, gure lehenengo aukera liburu denda gisa saltzea da. Baina zaila da norbaitek apustu hori egitea.
E.M.: Gure garaian ere zaila zen. Baina gaur egun, oraindik ere, erronka bat izaten jarraitzen du liburu denda bat edukitzeak.
Zergatik da zaila apustu hori egitea?
R.T.: Gizartea aldatu delako; batez ere hasieran, dedikazioa eskatzen du liburu denda batek; eta jende gehienak nahiago du funtzionario izan. Eta oraingo gazteei botatzen diegu errua, prest ez daudela esanez. Baina oraingo zaharrak ere ez!
Nola zaudete zuek, garai honen amaieraren harira?
R.T.: Azken boladan, zama bat izan da, gazi-gozoa. Bizkarretik pisu bat kenduko dut eta, bestalde, porrot egin izanaren sentsazioa daukat. Jarraipena ematen asmatu ez izana geratzen zaigu arantza gisa.
E.M.: Gure ametsa da Hontzak liburu denda moduan jarraitzea. Merezi du atzera begiratzeak, baina ez dugu hor ainguratu nahi. Disfrutatu dugu, lan asko egin dugu, eta, orain, beste garai bat irekitzen da. Eta hori ere disfrutatu nahi dugu.
Nola gustatuko litzaizueke Hontza gogoratzea?
E.M.: Topagune gisa. Jendeak asko galdetu digu itxieraren inguruan, eta entzun eta entzun aritu gara azken urtean, baina konturatzen zara jendea zurekin dagoela.
R.T.: Nik oraindik itxaropen txiki bat badaukat, Hontzak aurrera jarraituko duela. Eta izatea gu baino askoz ere hobea den jendearekin! Eta gazteak balira, ideia berriekin… hobeto!
Zuen etxea da.
E.M.: Gure etxea da, baina gure etxeaz disfrutatzen duenarena, zainduko duenarena eta gogoratuko duenarena ere bada


