'Palestine 36' filmarekin abiatuko da 23. Giza Eskubideen Zinemaldia
'Palestine 36' filma.Giza Eskubideen Zinemaldia Hilabete inguru falta da 23. Giza Eskubideen Zinemaldirako. Apirilaren 23tik 30era egingo da, eta hasiera emango dion filma iragarri dute: Palestine 36. Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak zuzenduriko pelikula apirilaren 23an eskainiko dute Viktoria Eugenia antzokian. Gogoratu behar da 2019ko Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria jaso zuela.
Palestina, 1936. Arabiar Matxinada Handia, estatu independente izatea helburu duena, prestatzen ari da Europan gerrako danborrak entzuten diren bitartean. 1918an Otomandar Inperioaren gainbeheraren ondoren, Frantziak eta Erresuma Batuak eskualdea zatitu eta Britainiar Agintaldia ezarri zuten Palestinan. 1930eko hamarkadaren erdialdean, lurraren, immigrazioaren eta botere kolonialaren aldeko tentsioak areagotu egin ziren. 1936ko apirilean, greba orokor batek hiriak eta landa eremuak astindu zituen.
Jacir bere herrialdeko historiara hurbiltzen da bere film berrian: “Film hau egitea nire bizitzan egin dudan gauzarik zailena izan da. Genozidioa hasi zenean, denak jo zuen behea. Gure herria suntsitzen ari ziren, eta gure historiaren une ilun bati buruzko film bat egiten saiatu ginen, inoiz bizi izan dugun unerik ilunenetako bat biziko genuela jakin aurretik. Sakonera berrietan murgildu ginen; eromen bat zirudien. Batzuetan lur jota geunden. Kontua galdu nuen zenbat aldiz hasi eta gelditu zen ekoizpena. Aurrera jarraitu genuen. Antzezleak eta ekipoa elkartu egin ziren zerbait egin beharra zegoela tematuta, gure oinaze guztia maitasun ekintza batean iraultzeko, elkarri esateko ez gintuztela ezabatuko. Gidoia, historia, lokalizazioak… dena aldatu zen. Gauza bat indartu zen, ordea. Film hau ofrenda bat bihurtu zen”.
