Txuri Urdinek liga irabaz dezake, zazpi urte geroago
Jacaren kontrako bi partidak irabaziz gero, gizonezkoen taldeak titulua eskuratuko luke. Neskek, berriz, kopa izango dute jokoan.
Txuri Urdinen eta Jacaren arteko neurketa, titulurako finalean.Txuri Urdin 2018-2019ko denboraldi urrunean irabazi zuen azkeneko liga Txuri Urdineko mutilen taldeak. Zazpi urte geroago, eskura dute baldin eta etxeko lanak betetzen badituzte. Izan ere, asteburuan Anoetako izotz jauregian jokatuko dituzte ligako titulurako hirugarren eta laugarren partidak. Biak irabaziz gero, txapeldunak izango dira. Jacan jokaturiko bi neurketetan hobeak izan ziren donostiarrak, nahiz eta lehena galdu. Bigarrena, ordea, nagusitasunez irabazi zuten. Beraz, baliteke titulua Donostian erabakitzea. Horrela gertatuko ez balitz, bosgarren eta azken partida Jacan jokatu beharko dute, apirilaren 4an. Txuri Urdineko neskek, berriz, kopako finalerdietako norgehiagoka jokatuko dute bihar, Puigcerdaren kontra. Gainditzen badituzte, Majadahonda edo Jaca izango dute aurkari finalean.
Belar hockeyan, Realak itzulerako jardunaldi bikoitzaren zapore gazi-gozoa ahaztu nahi izango du. Hori bai, Atletic Terrassa taldearen zelaian ariko dira etzi, eta ez da neurketa erraza izango.
Futbolean, Realeko neskek soilik jokatuko dute asteburuan. Logroño hartuko dute etzi Zubietan, eta irabazi gero are gehiago sendotuko dute sailkapeneko hirugarren postua.
Eskubaloian, Bera Bera eta Beti Ona taldeek euskal derbia jokatuko dute etzi, Gaska kiroldegian. Azken hiru jardunaldietan sartuta, Donostiako eskubaloi taldea sailkapeneko lehen postuan dago.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finala
- Hirugarren partida: Txuri Urdin – Jaca (bihar, larunbata, 21:00)
- Laugarren partida: Txuri Urdin – Jaca (etzi, igandea, 17:00)
Emakumezkoen kopa, finalerdiak
- Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 12:15)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Reala – Atletic Terrassa (etzi, igandea, 12:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Reala – Logroño (etzi, igandea, 12:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Bera Bera – Beti Onak (etzi, igandea, 12:00)
