Ez ligarik eta ez koparik Txuri Urdinentzat
Jacak eskuratu du gizonezkoen ligako titulua, Donostiako bi partidak irabazita. Neskek, berriz, ezin izan dute Puigcerda gainditu kopako finalerdietan.
Txuri Urdinen eta Jacaren arteko neurketa, Anoetako izotz jauregian.Txuri Urdin Ez da posible izan. Etxean ziurtatu ahal zutena, etxean galdu dute. Txuri Urdineko mutilek oso gertu izan dute liga titulua, baina Anoetako izotz jauregian huts egin dute. Hirugarren eta laugarren partidak jokatu zituzten asteburuan Jacaren kontra, eta biak galdu zituzten: 3-5 eta 1-3. Bi neurketa erabakigarrietan Aragoikoak hobeak izan ziren, eta beraiek eskuratu zuten liga titulua. Dena dela, harro egoteko arrazoiak dituzte, txapeldunordeak direlako. Gainera, aste batzuk geroago kopa lehiatuko dute, sasoi honetan titulu bat lortzeko beste aukera bat. Txuri Urdineko neskek, berriz, galdu egin zuten kopako finalerdietako partida, Puigcerda indartsuen kontra (4-2). Titulua kataluniarrek eskuratu zuten Jacari finalean irabazita.
Belar hockeyan, Realak oso gertu izan du garaipena, Zubietan. Ordea, berdinketarekin konformatu behar izan ziren txuri-urdinak, Atletic Terrassaren aurkako norgehiagokan (2-2). Puntuak ez die askorako balio, baina galtzea baino hobea bada.
Futbolean, Realeko neskek berdindu egin zuten Logroñoren kontra, Zubietan (1-1). Txuri-urdinek irabazteko aukera garbiak izan zituzten, baina ate aurrean ez zuten asmatu. Horrela ere, sailkapeneko hirugarren tokian eta sendo segitzen dute.
Eskubaloian, Bera Berak euskal derbia irabazi zuen Gaska kiroldegian, Beti Onak talde nabarra gaindituta (31-25). Markagailuak islatzen duena baino estuagoa izan zen neurketa, eta donostiarrek mailarik onena eman behar izan zuten garaipen garrantzitsua eskuratzeko.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, titulurako finala
- Hirugarren partida: Txuri Urdin 3 – Jaca 5
- Laugarren partida: Txuri Urdin 1 – Jaca 3
Emakumezkoen kopa, finalerdiak
- Puigcerda 4 – Txuri Urdin 2
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Reala 2 – Atletic Terrassa 2
Futbola
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Reala 1 – Logroño 1
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Bera Bera 31 – Beti Onak 25


