Martuteneko kartzelaren memoriaz erabakia hartzeko eskatu du EH Bilduk
Martuteneko espetxea.Irekia EH Bilduk uste du premiazkoa dela Martuteneko kartzela memoria leku gisa nola oroitu erabakitzea. Eusko Jaurlaritzak Zubietako espetxea laster irekiko duela iragarri ondoren, Martutenekoa erabilerarik gabe geratuko da eta inguruko hirigintza arapena abian jarriko da, epe laburrean.
Testuinguru horretan, koalizioak Donostiako Udalean aurkeztutako proposamena berretsi du. Helburua da, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, espetxearen elementu adierazgarriren bat gordetzea eta etorkizunean oroigarri gisa berriz kokatzea, aurreikusitako garapena oztopatu gabe.
Markel Ormazabal zinegotziak gogorarazi du Martuteneko kartzela 1948an inauguratu zela, frankismo betean, eta errepresioaren lekuko zuzena izan zela: “Beraz, erregimen frankistak eragindako errepresioaren protagonista eta lekuko zuzena izan da. Heriotzak, torturak, era guztietako laidoak… Justiziazkoa ez ezik, ezinbestekoa da gertatukoa gogoratzea, are gehiago totalitarismoen egungo gorakadaren aurrean. Memoria, berriro gerta ez dadin. Ahanzturaren aurkako memoria, memoria antifaxista”.
Azkenik, nabarmendu du oraindik garaiz dela memoria hori behar bezala lantzeko. Donostiako beste espetxe eta atxilotze leku askoren arrastoa galdu dela salatu du Ormazabalek, eta Martutenekoaren kasuan ez dadila gauza bera gertatu eskatu du, iraganeko gertakariak ahaztu ez daitezen.
