LABek gogor kritikatu du erakundeak Ertzaintza eta Udaltzaingoa «nahasten» ari direla
Jon Insausti alkatea, udaltzain eta ertzainburuekin bileran. LAB sindikatuak gogor kritikatu du Donostiako Udaltzaingoaren egoera, eta salatu du plantilla etengabe galtzen ari dela oposaketa bateratuen ondorioz. Sindikatuaren arabera, apirilaren amaieran Arkautin hasiko den udaltzain eta ertzainen 34. promozioak beste kolpe bat ekarriko du: gaur egun hirian lanean ari diren 15 udaltzainek utziko dute euren postua, horietako lau jada funtzionario izendatuak izan arren.
LABek azaldu du egoera hori ez dela berria, eta egiturazko arazo baten ondorio dela. Haien esanetan, Donostiako Udaltzaingoak ez du berezko lan-poltsarik, eta horrek eragiten du prestakuntza jasotako agenteek beste udalerri batzuetara alde egitea, askotan euren bizilekuetatik gertuago lan egiteko: “Bertan plaza hartu, 9 hilabeteko formakuntza egin, Donostian lanean hasteko arropaz eta materialez hornitu eta, ondoren, alde egingo dute. SZKU, irrati operadore eta atestatutako formakuntza jaso eta urtebetera, praktikak amaitu ondoren, beraien bizilekuetatik gertuago dauden udalerrietara joango dira lanera, dagoeneko behin eta berriz gertatu den moduan”. Horren ondorioz, etengabe berritu behar da plantilla, eta ez da lortzen egonkortasunik.
“Euskal Polizia” eredua auzitan
Sindikatuak kritikatu du, halaber, azken asteetan instituzioek nabarmendu duten Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza. Martxoaren 11n egindako bilera batean, segurtasunaren izenean, patruila bateratuak, prestakuntza planak eta Egiako komisaldegi mistoa bezalako proiektuak goraipatu zirela gogorarazi dute. LABen ustez, “Euskal Polizia” delakoaren ideia erabiltzen ari da Udaltzaingoaren rola lausotzeko.
Ildo horretan, sindikatuak defendatu du Donostiak behar duena dela “hurbileko udaltzaingoa, auzoetara iritsiko dena eta herritarrekin harreman zuzena izango duena”, ez “bi polizia ereduen nahasketa”. Gainera, ohartarazi dute segurtasun datuak modu interesatuan erabiltzen ari direla, eta Udaltzaingoa beste egitura batzuen gabeziak estaltzeko baliatzen ari dela.
Azkenik, LABek udal arduradunei eskatu die Udaltzaingoaren benetako indartzea lehenesteko, plantilla handituz eta egiturazko arazoei irtenbidea emanez. Era berean, alkateari eskatu diote “argazki politak ateratzeari utzi”, eta udaltzainekin, ordezkariekin eta herritarrekin elkarrizketa sustatzeko, etorkizuneko eredua adostu ahal izateko.
