Auzitegi Nagusiak berretsi ditu Kaiko tabernaren aurkako neurriak, alkohola lizentziarik gabe saltzeagatik
Lehen Ostertz taberna zegoen tokian dago Kantina Kaia. Kaiko Kantina Kaiaren auziak beste kapitulu bat izan du aste honetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota du establezimenduaren errekurtsoa, eta berretsi egin du lehen auzialdian hartutako erabakia: ez da etengo udalak agindutako itxiera, alkohola lizentziarik gabe saltzeagatik ezarri zena.
Epaian, auzitegiak bat egiten du aurreko sententziaren argudioekin. Bere ustez, Kantina Kaiak eskatzen zuena zen egoera irregular bati eustea epaia irmoa izan arte, eta horrek “interes publikoari kalte handia” eragingo lioke. Zehazki, nabarmendu dute ingurumen eta hirigintza araudia errespetatzea bermatu behar dela, eta ezin dela interes ekonomiko pribatu baten gainetik jarri.
Kantina Kaiak, bere aldetik, ohartarazi zuen alkohola saldu ezin izateak negozioaren itxiera ekarriko lukeela ia berehala, galerak handiak izango liratekeela eta lau lanpostu arriskuan egongo liratekeela. Hala ere, auzitegiaren iritziz, kalte horiek ekonomikoak dira, eta etorkizunean epaia aldekoa balitz, konpentsatu ahal izango lirateke.
Langileen egoerari dagokionez, epaileek uste dute ez dela frogatu beste lan aukera batzuk ezingo lituzketenik aurkitu sektore berean. Horregatik, ez dute argudiotzat hartu itxiera eteteko. Bien bitartean, Donostiako Udaleko Hirigintza sailak jakinarazi du ez duela establezimendua itxiko epaia irmoa izan arte. Beraz, auziak oraindik bide judiziala izango du, baina oraingoz, Kantina Kaiak ez du lortu bere jarduera baldintza berean mantentzeko babesik.
Lizentzia irregularra
Kantina Kaiaren lizentzia irregularraren aferak zalaparta sortu zuen iaz. Izan ere, ostalaritza establezimenduen 1. multzotik (ezin dute alkohola saldu eta sukaldea jarri) 2. multzora (alkohola saldu dezaketenak) pasatzeko baimena eman zuen Donostiako Udaleko Hirigintza Sailak, “eremu saturatu” gisa izendatuta dagoen zona batean eta, beraz, modu irregularrean. Gainera, udaleko Jarduera Zerbitzuko burua, udalean urteak daramatzan funtzionario bat dena, establezimenduaren kategoria aldaketaren alde agertu zen, haren semearen aholkularitzak idatzitako txosten teknikoan oinarrituta.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salaketa aurkeztu zuen iaz udalean eta epaitegietan, EH Bilduk udal batzordeetara eraman zuen gaia eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen lizentzia hori baliogabetu egingo dutela, baita beste batzuk berrikusiko dituztela ere; EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta PP kritiko agertu dira udal gobernuaren jardunarekin.
