Romastea sortu dute, ijito herria ikusgarri egiteko
Romastea astearen aurkezpena, ijito herriaren kultura indartu asmoz. Datorren apirilaren 8an, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean, Romastea izeneko kultur ekimenaren lehen edizioa hasiko da. Proiektuaren helburua da erromani kultura garaikidea ikusgarri egitea, ikuspegi ireki eta eguneratu batetik.
Ekimen hau AGIFUGI Gipuzkoako Etorkizunaren aldeko Ijito Elkarteak eta Beti Chachipén elkarteak sustatu dute, IJITON kultur proiektuaren barruan. Antolatzaileen arabera, proposamenaren helburua da ijito komunitatearen eta herritarren arteko harremanak sendotzea, eta Donostia elkarrizketa kulturalerako gune gisa indartzea.
Romasteak zazpi eguneko programazioa izango du, eta egun bakoitzean erromani kultura garaikidearen alderdi desberdinak landuko dira. Antolakuntzak azaldu duenez, ohiko egitura tematiko batetik harago, programazioa modu jarraitu eta egituratuan diseinatu da, kultura-ekoizpenaren inguruko kontakizun propio bat sortzeko.
Donostiako Udaleko Aniztasun eta Inklusioko zinegotzi Iñigo Garcia Villanuevak azaldu duenez, “Romastearen helburua da ijito kultura herritarrengana hurbiltzea, hobeto ezagutu dadin. Partekatzeko, ikasteko eta aurreiritziak gainditzeko aukera bat da, kulturatik abiatuta”.
Zazpi eguneko egitaraua
Lehen egunean, apirilaren 8an, hasiera ekitaldia egingo dute Hendaiako Centre Denentzat gunean. Bertan, urteko manifestua irakurriko dute eta ijito herriaren banderaren entrega sinbolikoa egingo da. Amaieran, Bidasoa ibaian erritu tradizional bat egingo dute, loreak uretara botaz.
Apirilaren 9an, Cristina Enea Fundazioan, haurrei zuzendutako tailer bat antolatuko dute. Jardueran, material birziklatuekin banderak sortuko dituzte, kultura, memoria eta ingurumenaren kontzientzia uztartuz. Hurrengo egunean, apirilaren 10ean, emakume erromaniak aitortzeko ekitaldi bat egingo da udaletxean, Beti Chachipén elkarteak bultzatuta. Topaketa eta testu instalazio baten bidez, nazioarteko hainbat emakumeren izenak nabarmenduko dira.
Apirilaren 11n, Intxaurrondo Kultur Etxean, musika topaketa bat egingo dute, erromani soinu garaikideetan oinarrituta, esperimentazioari eta elektronikari arreta jarriz. Apirilaren 12an, Tabakaleran, ikus entzunezko jarduera bat eskainiko da: “Oroitz vodcasta” proiekzioa, ahots eta kontakizun erromanien artxibo garaikidea.
Apirilaren 13an, Okendo Kultur Etxean, literatura ekitaldi bat egingo da, “Las voces” liburuaren aurkezpenarekin eta ondorengo solasaldi irekiarekin. Azkenik, apirilaren 14an, Egia Kultur Etxean, hausnarketa saio bat egingo da Kaldereroen inguruan. Saioan, erromaniek hirian historikoki izan duten presentzia aztertuko da, ikus-entzunezko materiala eta gizarte-erakundeen ekarpenak uztartuz.
Etorkizunerako asmoa
Antolatzaileek azaldu dute Romastearen helburua dela etorkizunean kultur programa egonkor bat bihurtzea, aniztasunaren aldeko kultur politikak indartzeko eta erromani kultura Donostiatik nazioartean zabaltzeko.
Iñigo García Villanuevak adierazi duenez, “lehen edizio hau hasiera bat da, eta asmoa da ekimena urtez urte haztea eta hiriko kultur eskaintzan finkatzea”. Horrela, “Donostiako Udalak berresten du kultura aniztasunaren, berdintasunaren eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bizikidetzaren aldeko konpromisoa”, gaineratu du.
